Arima Soul taldeak 'Gu Andereak' singlea argitaratu du
Arima Soul talde donostiarra. (Argazkia: Arima Soul) Arima Soul talde donostiarrak bere lehenengo lan luzea argitaratuko du laster, eta bigarren singlea atera berri du: Gu Andereak. Taldearen hitzetan, “arimaz eta erritmoz beteriko doinua” dauka abestiak, eta Spotify plataforman dago entzungai. Urriaren 7an argitaratuko dute diskoa, eta maiatzean lehenengo singlea plazaratu zuten: Arima Du Got Soul. Bestalde, urriaren 14an aurkeztuko dute diskoa, Donostian, Lugaritz Kultur Etxean.
Lidia Insausti abeslari donostiarrak, Mikel Unzurrunzaga Makala baxu jotzaile zarauztarrak, Paul San Martin pianista donostiarrak eta Gorka Gaztanbide bateria jotzaileak osatzen dute taldea, eta beste hainbat musikari izan dituzte lagun single honetan: Broken Brothers Brass Band taldeko Ion Celestino tronpeta jotzailea eta Adrian Martinez tronboi jotzailea eta Lide Hernando eta Noa Egiguren abeslari donostiarrak koruetan. Elkar estudioan grabatu dute Gu Andereak, Victor Sanchez soinu teknikariarekin. Diseinu grafikoan, Txarly Brown aritu da.
Arima Soul taldeak 1960ko eta 1970eko hamarkadetako soul eta rhythm & blues kutsuko musika egiten du, baina neo-soularen ukitu garaikidearekin eta euskaraz; kanta klasiko batzuen bertsioak ere egiten dituzte. 2020an sortu zen taldea, eta EP bat argitaratu zuten urte horren amaieran.
Bestalde, Girando Por Salas musika zirkuituan parte hartzeko hautatu dituzte, eta bozketa epea irekita dago. Zirkuituaren webgunearen bidez eman daiteke botoa.

