Tokiko taldeek Jazzaldiko hautaketa prozesuan parte hartzeko izena eman dezakete dagoeneko
Hautaketa prozesuan hamabost taldek joko dute, eta horietako hamarrek 2023ko Jazzaldian joko dute ondoren.
Sara Mansilla musikari donostiarra, Jazzaldian. (Argazkia: Jazzaldia) Jazzaldiak abiatu du 2023ko jaialdian (uztailaren 21etik 25era egingo dute) joko duten tokiko taldeak hautatzeko prozesua, urteroko legez. Prozesuan parte hartu nahi duten Euskal Herriko taldeek hemen eman dezakete izena, baita gutxienez hiru abesti bidali ere, azaroaren 4a baino lehen. Ondoren, Jazzaldiak hamabost talde hautatuko ditu, eta hiriko hainbat agertokitan joko dute 2022ko abendutik 2023ko apirilera (oraindik ez dituzte datak zehaztu). Ondoren, jaialdiaren antolatzaileek talde horietako hamar hautatuko dituzte, uztailean 58. Jazzaldiko agertokietan jotzeko.
Jazzaldia 2006an hasi zen tokiko taldeen hautaketa prozesua egiten, eta urtero egin dute ordutik, “arrakasta handiarekin”, Jazzaldiaren hitzetan. Iaz, esaterako, 47 talde aurkeztu ziren. Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatzen du hautaketa prozesua, Katapulta Tour Gipuzkoa zirkuituaren bidez.
Bestalde, aipatu hamar emanaldiez gain, Jazzaldiak hainbat tokiko talde eta bakarlari zuzenean hautatu ohi ditu, jaialdian jotzeko.

