Anberesko Poliziak Donostian patruilatu du, Ertzaintzarekin batera
Anberesko bi polizia agente, bi ertzainekin, Kontxan. (Argazkia: Ertzaintza) Anberesko polizia agente batzuek (Flandria) Ertzaintzarekin batera patruilatu dute azken egunotan Donostian, euren uniforme propioarekin eta guzti. Zehazki, Kontxa pasealekuan eta inguruan aritu dira patruilatzen. Bi polizia zerbitzuek lankidetza hitzarmena sinatu zuten 2017an, eta, ordutik, hainbat elkarlan egin dituzte; hain zuzen ere, hitzarmen horren barruan patruilatu dute elkarrekin. Hilaren 25etik 29ra egon dira Euskal Herrian, eta Donostian ez ezik, Bilbon ere egon dira.
Ertzaintzaren arabera, Anbereskoak Ertzaintzaren funtzionamendua ezagutzera etorri dira, eta “hainbat jarduera” egin dituzte elkarrekin: “Esate baterako, herritarren segurtasunera eta eguneroko patruila lanetara bideratutako Ertzaintzaren polizia eredua eta egitura ezagutu dituzte”. Komisaria batzuk ere ezagutu dituzte, besteak beste.

