Egungo txapeldunek liga abiatuko dute
Txuri Urdineko neskek Valdemoro hartuko dute etxean, datorren igandean. Denboraldia garaipen batekin hasi nahi dute.
Emakumezkoen izotz hockey liga pasa den asteburuan hasi bazen ere, Txuri Urdinek, egungo txapeldunek, ez zuen partidarik jokatu. Izan ere, zazpi talde daude ligan, eta jardunaldi bakoitzean batek atsedena izaten du. Hori dela eta, bigarren jardunaldian abiatuko dute liga donostiarrek. Etzi jokatuko dute etxean Valdemororen kontra. Iaz historia egin ondoren, berriz liga irabaztea izango dute helburu. Taldeak aldaketa batzuk izan ditu, jokalari batzuk joan eta beste batzuk etorri direlako. Esaterako, Eva Aizpuruak Txuri Urdin utzi du AEBetara joateko. Loiolako Erriberako jokalaria erabakigarria izan zen pasa den sasoian.
Txuri Urdineko mutilei dagokienez, lehen jardunaldiko porrota ahazteko aukera dute bihar etxean. Puigcerda talde indartsuaren kontra jokatuko dute. Aurreneko garaipena lortzeko, partida borobila egin beharko dute. Mutilen neurketarekin batera, Txuri Urdinek denboraldi hasierako ekitaldia egingo du izotz jauregian.
Belar hockeyan, Realak Complutensen aurka jokatuko du etzi, Aieteko zelaian. Taburienteren aurkako neurketa bertan behera geratu zen pasa den asteburuan, Kanariar Uharteak astindu zituen denboralearen ondorioz. Hori dela eta, aurkariak baino partida bat gutxiagorekin daude txuri-urdinak. Etxeko bigarren partida irabazteko aukera izango dute.
Futbolean, Txapeldunen Ligari agur esanda, Realeko neskek Sevillaren zelaian jokatuko dute igandean. Europako ibilbidea bukatuta, ligari eustea dagokie. Hiru puntu garrantzitsu dituzte jokoan. Aldiz, gizonezkoen Reala lehiara itzuliko da astebeteko atsedenaren ostean. Beraiek ere igandean jokatuko dute, baina Gironaren aurka Montilivi futbol zelaian.
PARTIDAK
Izotz hockeya
Gizonezkoen lehen maila, 2. jardunaldia
- Txuri Urdin – Puigcerda (bihar, 21:30)
Emakumeen lehen maila, 2. jardunaldia
- Txuri Urdin – Valdemoro (etzi, 14:30)
Belar hockeya
Emakumezkoen ohorezko maila, 3. jardunaldia
- Reala – Complutense (etzi, 11:00)
Futbola
Emakumezkoen lehen maila, 3. jardunaldia
- Sevilla – Reala (etzi, 18:00)
Gizonezkoen lehen maila, 7. jardunaldia
- Girona – Reala (etzi, 18:30)