Hondartzetako zerbitzu guztiak normaltasunez aritu direla nabarmendu du udalak
Donostiako Udalak hondartza sasoiaren balorazioa egin du, eta ona izan dela adierazi dute. Ohiko zerbitzu guztiak normaltasunez eskaini ahal izan direla nabarmendu du udalak. Uda osoan zehar erabiltzaile kopurua handia izan da Donostiako hondartzetan; batez ere, eguraldi oso ona egin duelako.
Denboraldia hasi aurretik, ez zen beharrezkoa izan hondar mugimendu handirik egitea; hori bai, hiru hondartzetara eta kabinetara sartzeko eremuak hustu egin behar izan ziren, eta hondarraren kota ere jaitsi egin zen, zerbitzuetara errazago iristeko.
Donostiako hondartzek kalitate eskakizun handienak betetzen dituztela adierazi du udalak. Hala nola, Europako EMAS ingurumen ziurtagiria eta ISO 14001 kalitate ziurtagiria, eta, astero, bainatzeko uraren osasun kontrola egiten da hiru hondartzetan. Zerbitzuei, mareei, korronteei, bainu eremuen banaketari eta kirola egiteko eremuen banaketari buruzko seinaleak ere jarri dituzte hiru hondartzetan.
Denboraldia bukatuta, urriaren 1etik maiatzaren 31 bitarte, txakurrak berriro ere hondartzetan sartu ahal izango dira. Hori bai, txakurren jabeek haien gorozkiak jaso beharko dituzte, bai bide publikoetan, bai hondartzetan, eta betebehar hori ez betetzeak 50 eta 200 euro arteko isunak ekar ditzake.