Zer dute jokoan donostiarrek azaroaren 29an?

Aspacek kolorez eta musikaz beteko du Kontxako pasealekua larunbatean

50. urtemuga ospatzeko egingo duten ekitaldirik bereziena izango dela iragarri dute. Garuneko paralisia duten pertsonen eta haien familien eskubideak aldarrikatuko dituzte festa giroan.

aspace eguna Aspace Egunaren aurkezpena aldundian.

Alderdi Ederreko lorategietan elkartuko dira larunbatean, 11:00etan, eta Oscar Terolek aurkeztuko du Aspace egunaren ekitaldia. Erabiltzaileen eta familien eskubideen euskubideak aldarrikatuko dituzte jendaurrean irakurriko duten manifestu batean. Ondoren, 11:30ean, Ondarretaraino “martxa inklusiboa” egingo dute, eta espero dute Aspaceko familiekin eta haiekin bat egiten duten herritar guztiekin batera “marea bat” osatzea.

Aspace eguneko kamisetak jantzita, kolorez eta musikaz beteko dute. Ez dira bakarrik joango, hainbat talderekin batera egingo dute bidea: Musikeneko batukadarekin, Realeko Txurdin maskotarekin eta Itzurun konpartsako erraldoiekin, besteak beste.

Ondarretara iristen direnean, elkartearen egoitzara igoko dira, eta ia 500 familia eta erabiltzaile elkartuko dira bazkari batean. Eguna festa giroan amaitzeko, flashmob bat egingo dute.

Aspace funtsezko zutabea da Gipuzkoan, eta familien ekimenez sortu zen. Garuneko paralisia duten pertsonen eta haien familien bizi kalitatea hobetzea du helburu. Haien tratamenduak, arreta eta bestelako beharrak asetzeko elkartu ziren duela 50 urte gurasoak.

Aspacek urte osoa darama Gipuzkoan zehar ekitaldiak egiten. 50. urtemugaren ospakizuna eta haien lana ikusarazteko kanpaina egin dute. Herritarrak sentsibilizatzeko lan mardula egin du elkarteak Gipuzkoako lurralde osoan ere. Garun-paralisia duten 492 pertsonari ematen die arreta. Horretarako, 361 profesional eta 126 boluntario ditu.
 Elkarteak lurraldeko 11 udalerritan (Andoain, Arrasate, Beasain, Bergara, Eibar, Eskoriatza, Donostia, Irun, Tolosa, Urretxu eta Zarautz) banatuta 15 zentro ditu, eta modu horretan, aukera ematen die arreta familiei euren etxeetatik ahalik eta hurbilen dagoen zentroan zerbitzua jasotzeko.


HITZAkide HITZAkide