Euskal Herriko Museo zaharrenak 120 urte bete ditu
Gaurko egunez inauguratu zuten San Telmo Museoa, Andia eta Garibai kaleen elkargunean, 1902an. Museo historiko, artistiko eta arkeologiko baten moduan aurkeztu zuten.
Efemeride hau ospatzeko, urrian hainbat ekitaldi egingo ditu San Telmok, museoa gizarteari hurbiltzeko eta ahalik eta pertsona gehien museoaren parte izateko helburuarekin. Ate irekien eguna izango da gaur, San Telmora hurbildu nahi duten pertsona guztiekin ospatzeko.
Urrian doako bisita gidatuak eskainiko dira museora, eta sarrera ere doakoa izango da bisitetan parte hartzen dutenentzako. Urriko larunbatetan, hilaren 1ean hasita, familientzako artista tailerrak egingo dira, Paperezko museo bat izenburuarekin. Horietan, Aran Santamariaren laguntzarekin, parte hartzaileek beren museoa sortu ahal izango dute pop-up teknikaren bidez.
Hainbat egoitza izan ditu
Museoaren lehenengo egoitza Andia eta Garibai kaleen elkargunean zegoen. Pixkanaka-pixkanaka, museoa sendotzen hasi zen erosketa berriei eta partikularren ekarpenei esker. Berehala, lokala txiki geratu zitzaien eta, 1905. urtean, udala eraikin bat egiten hasi zen, Arte eta Lanbide Eskola, Udal Liburutegia eta museoa batera jartzeko. Eraikin berri hori Urdaneta kalean eraiki zuten Domingo Agirrebengoa arkitektoaren diseinuari jarraiki eta 1911n inauguratu zuten.
Museoa etengabe handitzen ari zen, eta tokirik gabe geratu ziren berriz ere. 1932. urtean, beste leku batera aldatzeko aukera aztertzen hasi ziren: kasu honetan, San Telmoko domingotarren komentura. Izan ere, Donostiako Udalak erosia zuen eraikina eta horretarako prestatzen ari zen.
Inauguraziorako, 1932ko irailaren 3an, Jose Maria Sert margolariari eskatu zitzaion elizako hormak janzteko. Horretarako, 17 mihise egin zituen Parisen. Mihise horietan Gipuzkoaren bizitza eta historia modu heroikoan eta hanpatuan kontatzen duten hamaika eszena azaltzen dira: Gipuzkoako jendea, haien balentriak eta sinesmenak.