Etxe turistikoen gaineko kontrola areagotzeko neurriak hartuko ditu udalak
Urtea bukatu baino lehen, Plan Orokorra moldatzeko prozesua abiatuko du udal gobernuak hotelak, ostatuak eta alojamendu turistikoak irekitzeko baimenak arautzeko. EH Bilduk proposatu du etxe turistikoez "saturatutako" beste eremu batzuk izendatzea.
Donostiako etxebizitza turistiko baten kartela, gorriz margotuta. (Argazkia: Inaxio Esnaola) Udal batzordeetan eta hilero egiten diren osoko bilkuretan maiz hitz egin ohi dute Donostiako etxebizitza turistikoez. EAJk eta PSE-EEk osatzen duten udal gobernuak dio kontrolpean duela horien erregulazioa. Aldiz, oposizioko bi udal taldek, EH Bilduk eta Elkarrekin Donostiak, alojamendu turistikoen gaineko kontrola zorroztu behar dela diote.
Hain zuzen ere, etxebizitza turistikoak baimentzeko prozeduraz aritu ziren pasa den asteko udalbatzarrean. EH Bilduk mozio bidez eskatu zuen lehenengo solairuko araura itzultzeko eta eremu «saturatu» berri gisa izendatzeko Erdialdea, Antigua eta Gros. Bi eskaeren kontra bozkatu zuten EAJk, PSE-EEk eta PPk. Soilik Elkarrekin Donostiaren babesa izan zuten.
Ricardo Burutaran EH Bilduko zinegotziaren arabera, beharrezkoa da erabilera turistikoko etxebizitzak baimentzeko baldintzak berriro arautzea, «horiek gehiegi ez ugaritzeko eta bizitegi izaerako etxebizitzetan bizi diren pertsonen bizi baldintzak ez okertzeko».
Etxe turistikoak baimentzeko eta arautzeko prozedura dagoeneko abian dagoela adierazi du Nekane Arzallus Hirigintza zinegotziak: «Plan Orokorrean moldaketa bat egingo dugu erabilera turistikoko etxebizitzen gaineko kontrola areagotzeko». Plan Orokorraren aldaketa horri esker, udal gobernuak etorkizunean nola jokatu jakiteko «erreminta» bat izango duela gaineratu du.
«Berandu iritsi da»
Plan Orokorraren aldaketa puntual bat agintzeko erabakia «berandu» iritsi dela uste du Burutaranek: «Izan ere, jarduera turistikoak hiriko eremu batzuetan pilatzeak eragiten dituen arazoei aurre egiteko hartu dute erabakia. Halere, alde positiboa aintzat hartzen dutela gaineratu du: «Azkenean, arazoari aurre egiteko asmoa dago».
Araudia moldatzeko prozedurarekin batera, Burutaranek dio «beharrezkoa» dela lizentziak eta baimenak etetea. Gainera, gaur egun dauden baimen kopurua murrizteko neurriak hartu behar direla dio: «Baimenen iraungipena izan daiteke bide bat. Orain arte, etxe turistiko batek betirako lortzen zuen baimena, baina jarduera honek hirian duen eragina ikusita, erabiltzen ez diren baimenak kentzeko garaia da».
Etxe turistikoak arautzeko bidea
2018ko martxoaren 1ean, Donostiako Udalbatzak etxebizitza turistikoen araudia malgutzen zuen udal ordenantza bat onartu zuen, besteak beste, lehenengo solairutik gora halako establezimenduak irekitzea ahalbidetzeko. Ordea, 2020ko urtarrilean, ordenantza hori bertan behera utzi zuen EAEko Auzitegi Nagusiak, eta gauza bera egin zuen 2021eko otsailean Espainiako Auzitegi Gorenak, ordenantzak hiriko Plan Orokorrarekin talka egiten zuelako.
Hori dela eta, udal gobernuak Plan Orokorraren aldaketa bat onartu zuen iazko apirilean, lehenengo solairutik gorako etxebizitza turistikoak legezkotzat hartzen jarraitzeko. Orain, beste aldaketa bat egingo dute etxe turistikoen baimenak hobeto arautzeko.
1.292 ETXE TURISTIKO
Donostiako Udalaren datuen arabera, gaur egun, lizentzia duten 1.292 etxe turistiko daude hirian. Etxebizitza guztien %1,38 dela nabarmendu du udalak. Itxi diren alojamendu turistikoen inguruko informazioa ere jakinarazi dute. Nekane Arzallus Hirigintza zinegotziak eman zituen datuak pasa den asteko osoko bilkuran. Arzallusek nabarmendu zuenez, 2018tik 2022 arte 530 etxe turistiko itxi dira Donostian; 2018an 181, 2019an 213, 2020an 56, 2021ean 50, eta 2022an, oraingoz, 30.


