Jaiak, auzoaren ispilu eta eraldaketarako akuilu
Maria Sarasola (Amara Berri, 1997) eta Oihana Hermoso (Amara Berri, 1997) jai batzordeko kideak «ilusioz beteta» daude aurtengo jaiak direla eta. Ferrerias plazara itzulera, haurrentzako egitarau zabala eta Dragshowa dira jaietako berrikuntzak. Asteazkenean hasiko dira.
Uztaila hasieran hasi ziren biltzen Amara Berriko jai batzordeko kideak, «inoiz baino beranduago», eta bi urteko geldialdiaren ostean, «ia jai batzorderik ere ez zegoenean». Deialdia luzatu eta jende berri mordoa animatu zen, belaunaldi gazteagoak tartean. «Martxa oso polita hartu dugu», diote Maria Sarasolak (Amara Berri, 1997) eta Oihana Hermosok (Amara Berri, 1997). Nabarmendu dutenez, aurten «ilusio handiagoa» dute aurrekoetan baino.
Azken urteetan Atano III.a frontoiaren aurrean egin izan da, hainbat obra zeudenez, ezin zelako Ferrerias plazan egin. «Azkenean gure jai gunera itzuliko gara», esan dute, pozik.
Taldea aldatzeak jaiak aldatzen dituela uste dute: «Baina urtero aldatzen dira, gu aldatzen garelako, auzoa aldatzen delako. Jaiak bizi dugun errealitatearen isla dira, azken finean. Era berean, balioei garrantzi handia ematen diegu: jaiak ez ditugu parranda egiteko bakarrik antolatzen. Euskara, feminismoa eta edozein diskriminazioren kontrako jarrerak dira gure oinarriak, eta jai herrikoiak antolatzeari zentzua ematen diotenak».
Haurrak protagonista
Aurten haurrek izango duten protagonismoaz hitz egin dute Sarasolak eta Hermosok. Amara Berri eta Katalina de Erauso ikastetxeekin lanketa bat egin dute azken urteetan: «Eskola orduetan horma irudi bat margotzen dugu, eta urtero gai eta lelo bat aukeratzen dugu. Aurten euskara izango da ardatz». Wohou artistaren laguntza izaten dute horretarako: «Haurrek egindakoaren gainean egiten du lan Wohouk. Haurrak oso txikiak baitira, 5-8 urtekoak».
Haurren jardueren barruan Super Xagu pertsonaiaren nondik norakoak lantzea nabarmendu dute: «Hainbat material sortu dira, tartean, Super Xaguren kondaira, eta horiek lantzen ditugu haurrekin». Arratsaldean, jarduera txiki bat egiten dute urtero, eta, aurten, zapiak egingo dituzte denen artean. Ostean, kalejiran joango dira horma irudia inauguratzera, eta, amaieran, «merienda osasuntsua» egingo dute: «Frutazko broxetak dira arrakasta handiena dutenak».
Haurrekin lanketa handia egin arren, bazuten erronka bat: gurasoak ere jaietan inplikatzea. Eta, aurten, azkenean, lortu dute: «Haurren lantaldera hainbat guraso etorri dira, guraso elkartekoak, eta aurrerapauso polit bat da, antolakuntza bera aberastu egin duelako».
Dragshowa eta jai parekideak
Berrikuntzen artean Dragshowa nabarmendu dute jai batzordeko kideek: «Horrelako zerbait antolatzen dugun lehen aldia da». Guztia esateko, lehen aldia, agian Donostiako jai herrikoietan. Belaunaldi aldaketa nabarmen bat izan da jai batzordean, eta «aire berria ekarri dio horrek taldeari». Burlatatik etorriko da Albina Stardust izenez ezaguna den drag artista eta aktibista trabestia, eta Arrasatetik Divina Comedia drag artista.
«Proposamen berri bat da. Azken finean hauek ez dira Karmengo jaiak, ez eta Porrontxo jaiak. Txikiagoak dira, eta horrek ere askatasun handiagoa ematen digu bestelako eredu bat sortzeko, baita esperimentatzeko ere. Beti ateratzen da ondo, gure espektatibak ere horretan oinarritzen direlako!» dio Sarasolak.
Proposamena egin zenean, konturatu ziren erabat bat egiten zuela azken urteetan daramaten lanketarekin: «Genero estereotipoak eta ikuspegi feminista txertatzen». Amara Berriko jaiak eredu dira horretan ere, protokolo feminista dute zortzi urtetik hona, eta aurten ere berritu egin dute.

Burlatatik etorriko da Albina Stardust izenez ezaguna den drag artista eta aktibista trabestia. (Argazkia: Dani Blanco / ARGIA)
Hilaren 15a, gazte, heldu eta haurrentzat
Hurrengo larunbata egun indartsua izango da, ohiko paella txapelketaren ostean, ohiko bertso bazkaria izango delako. Aurten, Alaia Martin Etxebeste, Maider Arregi Markuleta, Maddi Ane Txoperena Iribarren eta Eli Pagola Apezetxea bertsolariak izango dira, eta gai jartzaile lanetan, Itsaso Piquer Insausti auzokidea.
Emakume bertsolariz osatutako bazkaria izatea, ez da bilatua izan, baina ezta ere kasualitatea; urteak daramate parekidetasuna lantzen, eta oholtza gainean ere, saiatzen dira emakume gehiago ikusarazten gizonak baino. Ereduak apurtzeko ospatzen baitituzte jaiak, besteak beste.
Lehen aldiz, haurrek ere izango dute egun osoan gozatzeko aukera. Goizetik haurren gunea egongo da jai gunean, haurren herri bazkaria 13:30etan eta ostean ere jolasak 18:00ak arte. Txokolate jana egingo dute , guraso elkarteak prestatuta, eta jarraian elektrotxarangan parte hartzera gonbidatuko ditugu. Lehen kantak «haurrei eskainiak» izango dira eta.
‘Poteo Fatxoa’ bueltan da
Urriaren 12ak, Hispanitatearen Egunak, «ia urtero kointziditzen du jaiekin». Poteo Fatxoa antolatuko dute aurten ere, «jai egun arrotzei jaiekin erantzunez». Goizean auzolana egingo dute, eta hainbat pankarta egingo dituzte jaiei eta egunari lotutako «erantzun politikoari» begira. 13:00etan NAN jaurtiketa egingo dute, «inposatutako naziotasuna» sinbolikoki botatzeko. Ondoren izango da Poteo Fatxoa: «Piraten Irrikitaldian satira bat egiten den moduan, guk ere antzeko zerbait egin genuen behin. Guretzat jaiak auzoan aurkezteko modua da, baina batez ere, gure balio ideologikoei eutsiz».

