Euskal presoen eskubideen aldeko aldarrikapen eguna Donostian
Jendetza bildu da Sare Herritarrak gaur egin duen mobilizazioan. 'Etxera bidea gertu' lelopean egun osoko egitaraua prestatu dute gaurko.
Milaka lagunek Donostiako kaleak bete dituzte gaur, salbuespenezko espetxe politikaren aurka protesta egiteko. Bulebarrean hasi dute eguna, Sare Herritarrak duela bi urte eta erdi hasitako Izan bidea dinamikaren amaiera irudikatzeko. Dinamikaren barruan egindako erronkaren azken kilometroa egin dute Bulebarretik Pio XII.era. Euskal presoen egoera beste modu batera jendarteratzea zen dinamikaren helburua, eta modu koloretsuan eta jai giroan egin dituzte azken metroak. Guztira, parte hartzaileek 3.127.326 kilometro egin dituzte, Euskal Herriak dituen biztanle adina kilometro.
Manifestazio nagusia 12:00ak inguruan abiatu da Pio XII.aren plazatik. Sare Herritarraren bozeramaile Bego Atxak eta Joseba Azkarragak pozik agertu dira prentsaren aurrean. Espetxe politikan izandako aldaketak lortzeko, gehiengo sozial eta politikoak egindako ahalegina txalotu dute.
Etxera bidea gertu leloa zeraman pankarta hartu, eta dultzaineroen atzetik atera dira Illunbera bidean. Jende oldea ibili da Madril hiribidetik Illunberaino. Manifestazioak aurrera egin ahala, bide bazterretan zain zegoen jendetza batzen joan da martxara. Amara Berriko kaleetan eta tabernetan jai giroa nabaritzen zen, eta adin guztietako jendeak parte hartu du manifestazioan. Aita Donostia plaza igaro ondoren, aldapan gora egin dituzte azken metroak. Ibilbide guztian zehar ozen entzun dira Euskal presoak etxera! oihuak.
Bego Atxak eta Joseba Azkarragak Sare Herritarraren manifestua irakurri dute Illunben: “Ideia desberdinak ditugun pertsonek bidea elkarrekin egin dezakegu. Askatasunik gabeko pertsonei dagozkien eskubideen defentsak batzen gaituelako. Hau da jarraitu beharreko bidea. Ez dugu etsiko, denak hemen egon arte. Gure erronka, estatuko botereen jarduera arau bihurtu den espetxe politika ilegala eta ankerrarekin amaitzea baita. Izan ere, urruntze politikari amaiera emateaz gain, gradu progresioarekin edo baimenen kudeaketarekin ematen ari diren blokeoari amaiera ematea ezinbestekoa da”, adierazi dute.
Aldarrikapen egunak Illunben jarraituko du iluntzera arte. Musikaz eta festaz beteko da, eta mobilizazioarekin bat egin dutenak gozatzeko gogotsu daude.