Marisol Garmendia izango da PSE-EEren alkategaia
Igandean egin zuten primarioetako bozketa Donostiako PSE-EEn, eta alderdiko militanteek erabaki dute zein izango den euren alkategaia 2023ko maiatzeko udal hauteskundeetan: Marisol Garmendia. Botoen %50 behar zituen Garmendiak primarioak irabazteko, eta %66 (222 boto) lortu ditu, Odon Elorza hiriko alkate ohiaren hautagaitzari irabazita. 452 militante zeuden botoa ematera deituta, eta parte hartzea %76koa izan da; Elorzak 115 boto lortu ditu.
“Pozik eta eskertuta” agertu da Garmendia: “Mila esker militante guztiei eta nire familiako kide guztiei, beraiei esker bainago hemen gaur. Guztiok, elkarturik, aro berri bat hasiko dugu, eta Donostiako alkatetza berreskuratuko dugu”. Elorzak, bestalde, Garmendia publikoki zoriondu du, sare sozialen bidez.
“Primarioek erakutsi dute Donostiako alderdi sozialista oso bizirik dagoela. Baita energiarekin, ilusioarekin eta konfiantzarekin ere, elkarrekin hirirako proiektu erakargarri eta sendo bat eraikitzeko eta Donostiako hiritarren konfiantza eta alkatetza berreskuratzeko. Donostiako alkate emakume sozialista lehenengoa izateko helburua dut, denentzako gobernatzeko”, gaineratu du Garmendiak.
Donostiako zinegotzi izan zen Garmendia 2011 eta 2015 urteen arteko legealdian, eta 2015 eta 2019 bitartean, aldiz, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketarako diputatua. Legealdi honetan Donostiako Udalean dago berriro, eta bigarren alkateordea eta Gune Publikoetako eta Hiri Proiektuetako zinegotzia da. Elorza, aldiz, hogei urtez izan zen Donostiako alkate, 1991tik 2011ra, eta 2011n alkatetza galdu ostean, Espainiako Kongresuan aritu da diputatu gisa.