"Mintzalaguna nire hizkera hobetzeko egitasmo ezin hobea dela uste dut"
Ikasturte honetan 30 urte beteko ditu Mintzalaguna egitasmoak, eta urriaren 21era arte izen-ematea zabalik dagoela iragartzeko agerraldia egin du Bagerak udaletxean. Aitziber Gurutzeaga Bagerako koordinatzailea izan da bertan, Ane Loidi bidelagunarekin eta Josu Perez bidelariarekin batera. Loidi Mintzalaguna proiektuaren hasieratik ari da, bidelagun gisa, euskara ikasi nahi duten bidelariei laguntzen. Perezek, aldiz, bi urte daramatza bidelari gisa euskara ikasten.
Zer da Mintzalaguna?
Aitziber Gurutzeaga (A.G.): Euskararen erabilera martxan jartzeko egitasmo bat da, euskaltegietan edo bestela ikasten den hori praktikan jartzeko aukera eskaintzen duena, modu eroso batean. Solaskideek elkarrizketa lasaiak izaten dituzte, hiruzpalau pertsonako talde txikietan. Talde bakoitzean euskaraz hitz egiteko ohitura duen lagun bat izaten da, eta besteak praktika behar dutenak dira. Astean behin elkartzen dira, ordubetez, edozein gairen inguruan hitz egiteko.
Izen ematea zabalik dago ikasturte honetarako. Nola egin daiteke?
A.G.: Bai, urriaren 21era arte egin ahal izango da, Bagera elkartearen www.bagera.eus webgunearen bidez, edo gure lokalera etorrita (Hernani kaleko 15. zenbakian). Bestela, 943-00 50 74 telefonora deituta edo mintzalaguna@bagera.eus helbidera idatzita eskuratu ahal izango da informazio gehiago.
Nolako ekarpena egin du Mintzalaguna proiektuak orain arte?
A.G.: Hamabi lagunekin hasi zen egitasmo bat da, eta, gaur egun, Donostian 400 lagunek hartzen dute parte ikasturtero. Helburua Mintzalaguna talde horietatik haratago iristea da, praktikatzera etortzen direnek jauzia eman eta beraien eguneroko esparruetan ere euskara erabil dezaten.
Zuretzat, Ane, nolako esperientzia da bidelari izatea?
Ane Loidi (A.L.): Oso esperientzia polita da, eta ikusita egitasmoan gero eta jende gehiagok ematen duela izena, laguntzaileak behar dira. Bereziki, bidelagunak animatu nahiko nituzke proiektuan parte hartzera.
Eta zu, Josu, euskara ikasten ari zara. Nola lagundu dizu horretan Mintzalaguna egitasmoak?
Josu Perez (J.P.): Nire hizkera hobetzeko egitasmo ezin hobea dela uste dut. Horren bidez, modu naturalean hitz egiten dugu euskaraz. Azken finean, euskaltegian edo ikastetxean euskara oso modu formalean ikasten da, baina, hemen, eguneroko gauzei buruz hitz egiten dugu: zer telesail ikusi genuen aurreko astean edo patata tortilla nola egiten dugun, adibidez. Hori da interesgarriena, eguneroko bizitzako gauzak euskaraz nola azaldu ikasten dugula. Noski, ez da batere erraza, baina bidelagunek esperientzia oso erraza izatea egiten dute. Batez ere, ez zaituzte epaitzen, eta hori benetan eskertzekoa da. Gainera, ia doakoa da eta altxor bat da, beraz, jende guztia animatu nahiko nuke Mintzalaguna egitasmoan parte hartzera.