'Safe' film labur estatubatuarrak irabazi du Donosskino jaialdia
Donosskino jaialdiko sari banaketa, iaz. Ian Barling zuzendari estatubatuarraren Safe film laburrak irabazi du Donosskino jaialdiko epaimahaiaren Film Laburrik Onenaren saria (1.000 euro). Eva Rivera (Dock of the Bay), Asier Urbieta (Altsasu, Pim Pam,Pum) eta Raul Lopez (Loreak, Handia) izan ziren lehiaketan parte hartu zuten 21 film laburren epaileak. Irabazlea zinema “dotore eta fina” izateagatik aukeratu zuten, eta baita arazo etiko bat eta zaintzaren eta konpromisoaren mugak argi planteatzeagatik ere. “Ohiz kanpoko istorio bat planoz plano kontatzen du”, adierazi zuten.
Euskal film labur onenaren Etxean Shortuak (500 euro) saria Carnivorok jaso zuen, Lander Castro zuzendariarena, eszenaratze “soil eta dotorearekin” ariketa narratibo eta tekniko “konplexua” garatzeagatik. Halaber, Publikoaren Saria (500 euro) ere euskal film labur batek eskuratu zuen: Aitor de Kintana gasteiztarraren Parlez-vous?-ek. Donostiako publikoak erabateko konexioa eduki zuen bere umorearekin, barre-algarek Antzoki Zaharra bete zuten, eta horregatik izan zen sail guztien artean bozkatuena.
Gidoi Onenaren Sariak (500 euro) Nash Edgerton eta David Michôd gidoilarien Shark lana nabarmendu zuen, filmak duen “kontzeptu deigarri eta freskoagatik”, pertsonaia erakargarri batzuei lotuta. Interpretazio Onenaren Saria, berriz, Antonija Belazelkoska aktore mazedoniarrari eman zioten, North Pole film laburrean bizi-etapa batetik bestera modu paregabean aldatzeko une zail eta eder hori irudikatzeagatik.

