TAO-ko eta garabietako langileek hainbat greba egun egingo dituzte urrian eta azaroan
Donostiako eta Gipuzkoako TAO eta garabi zerbitzuetako langileek greba egin zuten ostiral goizean, ELA, CCOO eta LAB sindikatuek deituta. Greba eguna “arrakastatsua” izan zen, Efe albiste agentziak argitaratutako informazioaren arabera, eta, hori dela eta, beste hainbat greba egunetara deitu dute. “Lan hitzarmen duin bat” aldarrikatzen dute, batik bat, soldatak KPI-aren arabera eguneratzeko eta urtean 1.592 lan ordu egingo dituztela bermatzeko.
Hain zuzen ere, hilaren 28tik 30era egingo dituzte hurrengo greba egunak. Bestalde, azaroaren 4tik 6ra ere grebara deitu dute, eta 9tik 16rako astean baita ere. “Ez dugu ahaztu behar negoziazio mahaia hamar alditan baino gehiagotan bildu dela urte eta erdiz, aurrerapenik lortu gabe. Era berean, tartean dauden erakundeen erantzuna isiltasuna izan da, eta gatazka langileen eta enplegatzaileen artean soilik kalifikatu da”, azaldu du ELA sindikatuak.
Ildo beretik, ELAk gogorarazi du Gipuzkoako udalentzako diru sarrera iturri handiak direla TAO eta garabi zerbitzuak: “Onuradun nagusia Donostiako Udala da, zortzi milioi euro inguruko diru sarrera gordinekin, eta hiru milioi garbi, zerbitzuagatik ordaintzen dituen bost milioiak kenduta”.