Udalak 1,2 milioi euroko laguntzak bideratuko ditu lankidetzarako
Fundazioek, elkarteek eta gobernuz kanpoko erakundeek egiten duten lana laguntzeko 1.253.110 euro bideratuko ditu Donostiako Udalak. Laguntza horiekin hainbat programa garatuko dira. Izan ere, bi alorretakoak dira laguntzak: garapeneko lankidetzakoak eta gizartea eraldatzeko sentsibilizazioa oinarri dutenak.
Garapeneko lankidetzako diru laguntzetara 22 proiektu aurkeztu dira. Horietatik lau baztertu ditu udalak baldintzak betetzen ez dituelako. Orotara, 867.625,95 euroko laguntza bideratu dute alor honetara. Ondorengo proiektuak nabarmendu ditu udalak: Keralako emakumeak ahalduntzeko programak (Calcuta Ondoan); giza eskubideak eta natura genero ikuspegitik defendatzeko programa bat (Setem Hego Haizea); Mexikoko hegoaldean ikuspegi feministatik garatuko diren belaunaldien arteko estrategia komunitario batzuk (Euskadiko Bakea eta Elkartasuna fundazioa); kitxua komunitateei, Palestinari, Peruri, Kolonbiari eta Guatemalari bideratutako beste programa batzuk; eta emakumeek sexu eta ugalketa eskubideak inolako indarkeriarik gabe baliatu ahal izateko programak (Haurralde Fundazioa).
Gizartea eraldatzeko sentsibilizazioari dagokionez, 21 proiektu aurkeztu dituzte, eta bost dira baztertu direnak. Atal honetara 385.484,98 euro bideratu dituzte. Proiektuen artean daude ondorengoak: aniztasuna ikuspegi kritiko eta feminista batetik sustatzeko programa bat (Saretuz); ekonomia solidarioa sustatzeko programa bat (Ecoonomistas Sin Fronteras); Bizitza Jokoan programa (Mugarik Gabe); Mendebaldeko Saharan giza eskubideak defendatzeko programa bat (Mundu Bat Fundazioa); eta indarkeria matxistaren aurkako unibertsitate eremuko programa bat (Medicus Mundi).