Zer dute jokoan donostiarrek azaroaren 29an?

Donostiako osasun zentroetako murrizketak salatu ditu EH Bilduk

amara-anbulatorio Amarako anbulatorioa, Prim kalean.

Amarako anbulatorioko ordutegia murriztu duela jakinarazi zuen astelehenean Osakidetzak, eta, aurrerantzean, 17:00etan itxiko dute, 20:00etan itxi ordez. Egoera hori salatu du EH Bilduk, eta presazko interpelazio bat aurkeztu du udalean, “Eneko Goia alkateak errealitate horren aurrean beste alde batera begiratzeari utz diezaion, eta donostiarrei azaltzeko zer egiten ari den Eusko Jaurlaritzak Amarako anbulatorioan, zehazki, arreta baldintza duinak bermatzeko eta, orokorrean, Donostian kalitateko eta murrizketarik gabeko osasun sistema publikoa mantentzeko”. 

Donostian antzeko beste hainbat kasu ere badaudela deitoratu du oposizioko udal taldeak: “Gogoratu behar da EH Bilduren udal taldeak uztaileko udalbatzarrean salatu zuela hiriko anbulatorioetan murrizketak ematen ari zirela: Intxaurrondoko zentroan pediatra plaza bateko murrizketa eta hitzorduen atzerapena; osasun mentaleko zerbitzu publikoen saturazioa hirian, Gaztedi elkartearen salaketaren bidez; Amara Berri auzo elkarteko kideek salatutako auzoko anbulatorioan pediatra euskaldun baten falta; Txomiñeneko osasun zentroaren sine die atzerapena; Bidebietako eta Altzako espezialitate eta larrialdi zerbitzu falta; Donostia Ospitaleko larrialdien egoera larria, eta abar. Orduan ere, EAJren eta PSE-EEkren udal gobernuko kideek errealitate hori ukatu zuten”.

Era berean, udal taldeak gogorarazi du erizaintzako Satse sindikatuak azaldu duela murrizketa horiek ez direla puntualak eta, “hemendik gutxira, medikuak ez ezik, erizainak ere beharko” direla. Ildo horretatik EH Bilduk nabarmendu du “erabiltzaile eta profesionalen kexa eta salaketa ugari” izan direla azkenaldian: “EH Bilduk behin eta berriz salatu du Euskal Osasun Sistemaren egoerak eta asistentziaren kalitateak okerrera egiten duela, eta Osasun Sailak, egoera zuzentzeko neurriak hartu beharrean, errealitate hori ukatzen jarraitzen duela. Horrela, Eusko Jaurlaritzaren aitzakia berri bakoitzaren ostean, gero eta zerbitzu gehiago ixten ari dira eta herritarren artean kezka areagotuz doa”. “Oso kezkagarria da alkate honek donostiarrei gehien axola zaizkien gaietan erakusten duen lidergo falta”, gaineratu du EH Bilduk.

HITZAkide HITZAkide