Igarotako bidearen kronologia bat

Etxez etxeko laguntza zerbitzura 50 milioi euro bideratuko ditu udalak

etxez etxeko laguntza

Donostiako Udalak etxez etxeko laguntza zerbitzuak kontratatzeko espedientea onartu du, datozen lau urteetarako. Oinarrizko aurrekontua 50.962.216 eurokoa da, eta behar izanez gero zabaldu daiteke. Kontratuak barne hartzen du etxean iraupen luzeko zainketak hobetzeko proiektu berritzaile bat garatzea. Proiektu hau Europar Batasuneko Berreskurapen eta Erresilientzia Funtsek (Next Generation EU Funtsak) finantzatu dute.

Etxez etxeko laguntza zerbitzua asistentziala eta prebentziozkoa da. Pertsonari bere etxean egoten laguntzea du helburu. Hala, laguntza pertsonala eta etxekoa eskaintzen dio. Lanak egiteko eta zainketa eskaintzeko mugaren bat duten pertsona indibidualei zein familia taldeei zuzenduta dago. Kasu batzuetan, zaintzailearentzako atseden gisa ere bai.

2021ean 1.826 etxebizitzetako 2.486 pertsona izan ziren zerbitzu honen onuradunak, eta 424.386 arreta ordu eskaini zitzaizkien. Artatutako pertsonen %40k 85 urte baino gehiago zituen, eta %65 emakumezkoa zen. Aldundiak diru laguntzen %25,23 jarri zuen iaz, udalak %56,79 eta erabiltzaileek %17,97.

Horrez gain, kontratu berrian etxeko langileen lan baldintzak hobetu dira. Besteak beste, soldatak %15etik gora igoko dira lau urtetan (%3,75 2023an, %3,75 2024an, %3,50 2025ean eta %3,25 2026an). Gaur egun, 426 langile daude etxez etxeko laguntza zerbitzuan, eta urtarriletik irailera bitartean 302.975,50 ordu eskaini dituzte.

Profesionalei prestakuntza

Bestalde, udalak Hezi eta Ikasi enpresari adjudikatu dio Donostiako etxez etxeko laguntza zerbitzuko profesionalei prestakuntza programa emateko zerbitzu kontratua. Zehazki, etxean iraupen luzeko zaintza estrategia garatzera bideratutako berrikuntza proiektuan parte hartzen duten profesionalei eskainiko zaie formakuntza hau. Aurrekontua 50.700 eurokoa da, eta betetze epea, kontratuaren formalizaziotik 2023ko urriaren 31ra arte.

HITZAkide HITZAkide