Realak eskura dauka hurrengo faserako txartela
Realeko jokalariak, Xeriffen etxean jokatutako partidan. (Argazkia: Reala) Realak bere bolada onari eutsi nahi dio gaur iluntzean Anoetan (21:00), Xeriff garaituta, Europa Ligako hurrengo faserako sailkapena itxiko lukeelako, matematikoki. Berez, puntu batekin nahikoa du sailkapena ixteko, oraindik beste bi jardunaldi geldituta (gaurkoaz gain), taldeko liderrak baitira txuri-urdinak, Manchester Unitedi hiru puntu aterata. Ordea, pasa den astean Moldavian Xeriff irabazi ostean, hiru puntuak dira helburua, lidergoa sendotzeko eta seigarren garaipena jarraian eskuratzeko. Realak Europa Ligako lehenengo hiru jardunaldiak irabazi ditu, eta bederatzi punturekin da lider.
Imanol Alguacilen taldeak Moldavian hiru puntuak lortu bazituen ere, lehenengo zatian arriskua sortzeko gai izan zen Xeriff, baita erakutsi ere ez dela garaitzeko talde erraza. Horregatik, Anoetan indartsu aritu beharko dira txuri-urdinak, zaleen babesarekin irabazteko.
Gorosabel berreskuratu du Alguacilek, baina Sola baja da, beraz, litekeena da Gorosabel titularra izatea. Harekin batera, aurreikusten da Le Normand, Zubeldia eta Rico izatea defentsako laukotea osatuko dutenak. Erdialdean eta aurrean ez da aldaketa handirik espero, baina baliteke Gebara edo Illarramendi hamaikakoan sartzea.


