Zer dute jokoan donostiarrek azaroaren 29an?

Sei ikuskizun eskainiko dituzte Iturritik dantza jaialdian, urriaren 18tik 23ra

Ginoide ikuskizuna 'Ginoide' ikuskizuna urriaren 19an ikusi ahal izango da Victoria Eugenia Antzokian.

Iturritik dantza jaialdiak urtez urte loratuko den lehenengo hazia dakar aurten, urriaren 18tik 23ra: Juan Antonio Urbeltz eta Argia Dantzari Taldea, Nova Galega de Danza, Explica Danza, Bilaka Kolektiboa, Malandain Ballet Biarritz eta beste. Sei ikuskizun eskainiko dituzte, Victoria Eugenia Antzokian eta Gazteszenan. 

Urriaren 18an, 19:30ean, Gazteszenan, Explica Danzak Tra tra tra Tradizioa, Transmisioa eta Traizioa ikuskizuna eskainiko du. Lan honek hitzaldi dantzatuen trilogia osatzen du; izan ere, Explica Danzak hitzaldi horiek erabiltzen ditu dantzaren historia eta bilakaera ezagutarazteko. Proposamen eta esplorazio berezi honetan, Toni Jodarrek dantza garaikidearen eta tradizionalaren arteko eraginak aztertzen ditu.

Urriarem 19an. 22an eta 23an, Biarritzeko Mandalain Ballet taldeak Euskal hatsa ikuskizuna egingo du Okendo plazan. Bi koreografia ditu kale ikuskizun honek, dantza munduko bi zuzendari esanguratsuen eskutik. Lehenengoa Claude Iruretagoienak (Biarritzeko Maritzuli taldekoa) zuzenduko du; eta, bigarrenak, Jon Maya Sein izango du gidari, La Valse-ko musikarekin. Guztira, hogei dantzarik Okendo plaza agertoki bihurtuko dute. 19an eta 23an emanaldia 18:30ean hasiko da; 22an, aldiz, 19:00etan. 

Urriaren 19an beste emanaldi bat ere izango da, Martin Harriaguek eta Bilaka kolektiboak Gernika eskainiko baitute Victoria Eugenia Antzokian, 19:30ean. 1937ko apirilaren 26an, astelehena, merkatu egun batean, hegazkin alemaniar eta italiarrek Gernika euskal herri txikia bonbardatzen dute. Lehen aldia da historia modernoan hiriko biztanleria bat nahitara eraila dela. Sarraski hau Espainiako Gerra Zibilean Franco jeneralarekin aliatua izan zen Hitlerrek bilatu zuen populazio zibila izutzeko.

Eta eguna amaitzeko, Baalek Ginoide eskainiko du, Victoria Eugenia Antzokian, 21:00etan. Ginoide robot femenino bat da eta batez ere sexu erabilerarako diseinatu da. Nana, gure gizarte neoliberalean nagusi diren emakumearen kosifikazio eta objektualizazio kanon esteriotipatuen arabera sortu zen, kontsumoak ezartzen baititu gure gorputzek (benetakoak izan ala ez) bete beharreko arauak. Neskamearen ipuina, Black Mirror, Ex-machina eta horren antzeko telesail eta filmetan inspiratua dago. Nanak Augustin jabearekin duen harremana dela eta, hainbat galdera sortuko zaizkigu harreman sentimental eta sexualei buruz. Nora doa gizadia? Zer gertatuko da gure espeziearen ugalketarekin?

Urriaren 22an, Nova Galega de Danzak Leira emanaldia egingo du, Victoria Eugenia Antzokian, 20:00etan. Gorputzak eta lurrak beren arteko loturak estutzen dituzte, landa-lanen edertasun gogorrera eramaten gaituen dantza eta musika ikuskizun batean. Emakumea da lotura teluriko horren erdigunea; gau eta egun, lanaldiz lanaldi, urtaroen segida agortezin batean errepikatua. Gizonezko Dantza Interpreterik Onenaren Max Sariaren ikuskizun irabazlea (Ivan Villar) izan zen 2021ean, eta Dantza Ikuskizunik Onenaren Max Sariaren finalista edizio berean.

Jaialdia amaitzeko, urriaren 23an, Argia dantzari taldeak Martin Zalakain eskainiko du, Victoria Eugenia Antzokian, 19:30ean. Bere patuari ihes egin ezin dion abenturazalea da Martin Zalakain. Pio Barojaren lanik estimatuenetakoa den eleberri hau, western karlistatzat jo daiteke kasik: mendiko ibilerak, maitasunaren hasi-masiak, estraperloaren estutasunak… Tabernako beroaldien lekuko izango dira ikusleak, ezagutuko ditugu gerrako trantze gordinak eta bideetan barrena topatutako adiskidantza zintzoak zein aliantza interesatuak.

HITZAkide HITZAkide