Boterea nork kendu digun eta nola berreskuratu dezakegun hausnartzeko jardunaldiak
Saretuzek topaketak antolatu ditu urriaren 21ean eta 22an, Garibai kalean dagoen Arrupe aretoan. AEkonomia sozialaren eta korporazioen ekonomiaren arteko talkaz hausnartuko dute bi egunetan zehar, Non dago Boterea? ekonomiaren kontrol korporatiboa herri kontrolaren aurrean, lelopean.
Donostiako Kontsumo Kontzientearen aldeko Saretuz Sareak hamarkada bat baino gehiago darama ekonomiaren birlokalizazioa modu justuan eta ingurumenarekiko jasangarria den eredu ekonomikoa aldarrikatzen. Eredu berri honek, beste modu batean kontsumitu eta bizitzea ekartzea bilatzen du.
18:15ean mahia ingurua egingo dute Xabier Madariaga kazetariak gidatuta; herritarrei boterea nork eta nola kentzen dien jorratuko da, eta Guatemalako eta Peruko gonbidatuak etorriko dira, bere lurra, lurraldea, baliabideak eta ondasunak transnazional eta gobernuetatik defendatzeko egunerokoan egiten duten lana azaltzera. Ondoren, Peruko eta El Salvadorreko beste kide batzuek, beren lurraldeetan uraren kontrolaren eta autosufizientziaren gaineko boterea nola berreskuratu duten azalduko dute.
Urriaren 22an, gaia “gure ingurutik eta gure gertuko errealitatetik jorratzeko unea izango da”. Horretarako, gertukoa, bertakoa, soziala edota ingurumenarekin justua denaren aldeko apustua eginez, energia, zaintza, elikadura, berrerabilpena, teknologia edo finantzak arloetan lan egiten duten eta modu honetan ekonomiaren birlokalizazioaren alde lanean diharduten egitasmoak aurkeztuko dira. Besteak beste Ekilur, Zuzeu, Ehkom, Maitelan, Gares Energia eta Goiener izango dira.
Saretuzen arabera, egitasmo hauek, bizitzaren eta planetaren zaintza lehen-lehenik jartzen duen eredu ekonomiko baten aldeko hautua egitea suposatzen dute, “komunitatea sortuz eta orekatuago dagoen eta hain estresantea ez den bizitza bat garatzeko aukera eskainiz”.