Euskal kantagintzaren azken 40 urteotako errepaso berezia
X5 Kolektiboak Abestiak gogoan estreinako diskoa plazaratu du. 2021. urte hasieran Iñaki Salvador eta Karlos Gimenez musikariek elkarlanean sorturiko proiektua. Oinarri literarioa du, Xabier Leteren, Joseba Sarrionandiaren, Joxerra Gartziaren, Nikolas Ormaetxea Orixe-ren eta John Donneren poemen gainean eraikia. Gimenezek hainbat euskal artistentzat egindako abestien berrirakurketa bat egin dute, aipaturiko idazleen testuekin batera.
Ideia hiru bulkadekin gauzatzen da: errepertorioaren aukeraketa, Abestiak gogoan izenburupean egituratzea, eta bizitza emango dion artista taldea aukeratzea: X5 Kolektiboa. Errepertorioa euskal kantagintzaren azken 40 urteotako errepasoa da, Leteren, Imanolen zeinPier Paul Berzaitzen diskoetan grabatutako abestiekin. “Dagoeneko herri kulturaren parte diren arren, proiektu honekin protagonismo handiagoa emango zaie”, nabarmendu dute proiektuaren sustatzaileek.
Eskarmentu handiko bost musikarik osatzen dute X5 Kolektiboa. Aipaturiko Salvador eta Gimenez piano jotzaileekin bat egin dute Nerea Gorriti eta Petti abeslariek, eta Francisco Herrero biolin eta biola jotzaileak.
Diskoa plataforma digitaletan entzun daiteke. Jardin bat zuretzat da lehendabiziko singlea.