"Garraio publikoa ez da marka handien interes ekonomikoei alfonbra gorria jartzeko erabili behar"
Donostiako Ezker Anitzak kritikatu egin du Garberara doan autobus zerbitzua indartzeko egin den hautua.
Donostiako Ezker Anitzak kritikatu egin du Garberara doan autobus zerbitzua indartzeko egin den hautua: “Ez die merkataritza guneko langileen interesei erantzuten, eta bai, ordea, interes ekonomikoei”.
Langileen interesekoa izango balitz, goizeko zerbitzua indartu beharko litzatekeela uste du Ezker Anitzak, “goizeko 5:30etakoa indartu beharko litzake, langileak, gune horretan sartzeko ordutegia 6:00etan delako”. Bestalde, zerbitzu honetarako proposatutako ibilbidea Intxaurrondotik eta Grosetik ibiliko da, eta Bulebarrean amaituko da. Horrela, “Garbera hiriaren erdigunearekin lotzen du, eta ez Donostiako auzoekin eta mugakide diren herriekin, han bizi baitira langile gehienak”.
Donostiako batzarretik adierazi dutenez, helburua benetan hiriko garraio publikoa hobetzea eta hiriko langileen gehiengo sozialari erraztea izango balitz, zerbitzuen ordutegia Donostiako beste lantoki batzuetara zabaldu ahal izango litzateke, hala nola Martuteneko industrialdera, Miramonera edo Zuatzura. Ospitalerako edo Intxaurrondorako zerbitzuak hobetzeko dauden herritarren iritziak aintzat hartzeko eskatu dute, besteak beste.
“Kalte larria tokiko merkataritzari”
Merkataritza gune handietarako sarbidea erraztearen aldeko apustuak kalte “argia” du hiriko tokiko merkataritzan, “multinazionalen zerbitzura dagoen merkataritza eredu bat sustatzen baita, eta hurbileko merkataritzak ezin du horrekin lehiatu”. Ezker Anitzarten ustez horregatik, lokalak behin betiko ixten ari dira pandemiaren aurretik, eta 2008tik 2021era arte ia 1.000 denda donostiar itxi dituzte, 75 inguru urteko.
Donostiako hainbat auzotan merkataritza txikiaren galerari buruzko eman dituzten datuak adierazgarriak dira; Altzan lokalen %41,3 hutsik daude (329 lokal), Intxaurrondon, Loiolan eta Ategorrieta-Ulian lokalen %36, Mirakruz-Bidebietan % 34,3 eta Amara Berrin % 21,8 (361 lokal).
Grosek pandemian zehar hirian erregistratutako guztizko galeraren % 45 izan zuen, eta une honetan lokalen %16,9 hutsik daude, Donostiako lokal hutsen batez bestekoa %19,7 da. Hain zuzen ere, Altza auzoa da kaltetuena, “Garberatik gertuen dagoena, eta une honetan oraindik ezin da ebaluatu merkataritza-guneko establezimenduen kopurua handitzeak izango duen eragina”.
Ezker Anitzak aldarrikatu duenez tokiko merkataritzaren, hurbileko merkataritzaren eta auzoei bizia ematen dieten negozio txiki horietan lan egiten duten familien aldeko apustua egin behar da: “Garraio publikoaren zerbitzuaren hobekuntzek beti herritarren zerbitzura egon behar du, eta ez interes pribatuen eskariaren mende; garraio publikoak ospitaleen, osasun zentroen, ikasketa zentroen eta lan zentroen zerbitzuak komunikatu eta eskura jarri behar ditu, batez ere, eta ez da marka handien interes ekonomikoei alfonbra gorria jartzeko erabili behar”.