Bertan behera utzi dute Internetetik irudiak ez kentzeagatik egitekoak ziren Kote Cabezudoren aurkako epaiketa
Mario Diez akusazio partikularreko abokatua, Kote Cabezudoren aurkako epaiketan.Beñat Parra Asteartean ziren Kote Cabezudo argazkilari donostiarra epaitzekoak, Youtubetik bere biktimetako baten irudiak ez kentzeagatik, epaileak kentzeko agindu ostean. Ordea, epaiketa bertan behera utzi dute, eta auzia instrukzio fasera itzuli da. Auzi horrekin gauza bera gertatzen den laugarren aldia da, eta epaiketa data berri baten zain gelditu da orain.
Donostiako Zigor Arloko epaitegi batean egin zuten saioa asteartean, ateak itxita. Ordea, eten egin behar izan zuten, irregulartasun batzuengatik. Auziko iturriek Efe albiste agentziari jakinarazi diotenez, akusazioak zein defentsak ondorioak aurkeztu dituztenean, Cabezudoren abokatuak erabaki du behin-behineko defentsa idatzia aldatzea, eta auzibidea baliogabetzeko eskatu du. Horrela, epaimahaiburuak auzia instrukzio fasera itzultzea erabaki du.
Lehenengo aldiz, 2021eko martxoan utzi zuten bertan behera, defentsak auzi nagusiaren dokumentu bat eransteko eskatu zuelako. Bigarrenez, 2021eko urrian, deklaratzekoa zen peritu bat oporretan zegoelako. Hirugarrenez, aurtengo martxoan, Cabezudoren aurkako auzi nagusiaren epaiketa egiten ari zirelako Gipuzkoako Auzitegian.
Cabezudo Martuteneko espetxean dago gaur egun, 28 urteko eta bi hilabeteko zigorra betetzen, bortxaketa delitu batengatik, sexu abusuen beste batengatik, haur pornografiako sei deliturengatik eta iruzurreko bi deliturengatik. Ordea, zigorrari helegitea jarri diote defentsak (absoluzioa eskatzeko) eta akusazio partikularrak (zigor handiagoa eskatzeko, 217 deliturengatik absolbitu baitzuten). Espainiako Auzitegi Gorenak erabaki bat hartu beharko du orain helegiteen inguruan. Ordura arte, Cabezudok espetxean jarraituko du.


