Europako funtsen zati bat turismoaren aldeko kanpaina egiteko erabiliko du Donostiako Udalak
Donostia Turismoak 50.094 euroko aurrekontua duen publizitate kanpaina bat lizitatzeko plegu bat argitaratu du, tokiko herritarrei sektorearen alderdi positiboak ikusarazteko eta, aldi berean, Udal Gobernuaren eta tokiko eragileen “alderdi positiboak indartzeko eta turismoaren eragin negatiboa minimizatzeko lanean ari diren mezua helaraztea”.
Kanpainaren helburuak bi dira: alde batetik, bisitarien etorreraren onurak tokiko herritarrei “saltzea”; datu ofizialen arabera, 15.000 pertsona ingururi ematen die lana sektore horrek, eta hiriko BPGaren % 15 da. Kanpainaren bigarren helburua da herritarrei jakinaraztea Udal Gobernua “urteak daramatzala turismo jasangarri eta orekatu bat lortzeko lanean”.
Agiri honetan dir ukopururik aipatzen ez bada ere, kanpaina Zeharkako Zerbitzuak Koordinatzeko Udal Bulegoaren aurtengo maiatzeko dokumentu batean agertzen da, 50.000 eurokoa (BEZa barne), Next Generation funts europarren esparruan finantzatuta. Oraintsuago, urrian bertan, Euskadiko Kontratazio Publikoaren Plataforman erregistratutako espedientea da, 50.094 euroko aurrekontua duena
Pleguan, turismoaren aldeko argudioen artean honakoak nabarmendu ditu udalak: 15.000 enplegu sortu dira eta “lan egonkortasuna” aipatzen ditu. “Gure hiriaren, kulturaren eta produktu/zerbitzuen irudia nazioartean zabaltzea. Irudi positiboa beste sektore batzuentzat, elikadura, berrikuntza, kudeaketa, kongresuak, ekitaldiak, kirola”.
“Kosmopolitismoa” da sustatu nahi den argudioetako bat: “Turistek gaur egun tokiko aldi baterako eredu gisa jokatu nahi dute, kultur aniztasunak hiria aberastu dezake (gogoratu gu ere turistak garela beste herrialde batzuetan)”.