Realak jarraian irabazitako partiden markarik onena gainditzeko aukera zuen asteburuan, Valladoliden aurka irabaziz gero; ordea, saiatu bazen ere, ezin izan zuen punturik lortu, eta zortzi partida jarraian irabazi ostean, porrota izan zuen Imanol Alguacilen taldeak. Sergio Leonek aurreratu zuen etxeko taldea 16. minutuan, eta txuri-urdinek gerora bi gol sartu bazituzten ere (Takek eta Zubimendik), biak baliogabetu egin zituzten VAR sistemarekin. Horrela, ligako laugarren sailkatuak dira orain Alguacilen mutilak.
Bestelakoa izan zen, aldiz, Realeko nesken zortea, 0-2 irabazi baitzioten Sporting de Huelvari. Amaiurrek aurreratu zuen Natalia Arroyoren taldea 38. minutuan, eta Jensenek sartu zuen bigarrena, partida bukatzear zenean, 94. minutuan. Ligako seigarren sailkatua da orain Reala (9 puntu), baina oso berdinduta dago sailkapena, bosgarren, laugarren eta hirugarren sailkatuek (Madril CFF, Atletico Madril eta Real Madril) 10 puntu baitituzte, eta Levante bigarrenak 11 puntu.
Saskibaloian, Ibaeta Basketek aurkari zail bat zuen asteburuan, Perfumerias Avenida, baina donostiarrak ez ziren kikildu, eta garaipena etxean gelditu zen. 83-70 irabazi zuten donostiarrek, eta ligako zortzigarren postuan daude orain, bigarren garaipena jarraian lortu ondoren.
Eskubaloian, asteburu ona izan da Bera Berarentzat, eta Beti Onaken etxean irabaztea lortu zuen: 25-34. Donostiarrak nagusitasunez gailendu ziren nafarren kontra, eta nazioarteko partiden geldialdira ligako lider gisa joango dira.
Hockeyan, porrotak izan dira talde donostiarrentzat belarrean zein izotzean. Belar hockeyan, Realak 1-4 galdu zuen Juniorren aurka, gehiegizkoa izan zen zigor batekin. Horrela, ligako seigarren sailkatuak dira orain txuri-urdinak. Izotzean, 5-1 galdu zuten Txuri Urdineko neskek Majadahondaren etxean, eta 1-5 mutilek etxean Bartzelonaren aurka. Horrela, ligako azken sailkatuak dira orain neskak eta azken aurrenak mutilak.
PARTIDAK
Saskibaloia
Emakumezkoen liga, 4. jardunaldia
- Ibaeta Basket 83 – Perfumerias Avenida 70
Eskubaloia
Emakumezkoen ohorezko maila, 6. jardunaldia
- Beti Onak 25 – Bera Bera 34
Futbola
Emakumezkoen lehen maila, 6. jardunaldia
- Sporting de Huelva 0 – Reala 2
Gizonezkoen lehen maila, 11. jardunaldia
Belar hockeya
Emakumezkoen ohorezko maila, 7. jardunaldia
Izotz hockeya
Emakumeen lehen maila, 5. jardunaldia
- Majadahonda 5 – Txuri Urdin 1
Gizonezkoen lehen maila, 5. jardunaldia
- Txuri Urdin 1 – Bartzelona 5