Asmi Molina intersex ekintzailearentzat izango da Zilarrezko Gehitu Saria
Asmi Molina. Aurtengo Zilarrezko Gehitu Saria emango da bihar, urriak 26, Gehitu elkartearen Donostiako egoitzan. Urtean zehar edo bere ibilbidean LGTBIQ+ komunitateari babes publikoa eman dion pertsonari, elkarteari, administrazioari edo erakundeari ematen zaion garaikurra da.
2022ko Zilarrezko Gehitu Saria Asmi Molina Fernandez intersex ekintzaileari emango zaio, “Intersexualitate motaren bat duten pertsonen eskubideen alde egin duen ekarpen nabarmenagatik, eta bere aktibismoarekin pertsona horiek oraindik ez dituzten ikusgaitasuna areagotzen eta erreferenteak sortzen laguntzeagatik”. Gehituk jakinarazi duenez, etenik gabeko konpromisoaren eredu da Molina, eta baita zailtasunak gainditzearen adibide ere.
Elkarteak adierazi duenez, bere lana aitortzea “bereziki komenigarria” da une honetan, ez bakarrik Gehituk duela gutxi txertatu duelako elkartearen definizioan Intersex kolektiboaren i letra, baizik eta orain aurkeztuko delako Euskal LGTBI+ Lege Integralaren testu-proposamena ere (Gehituren parte-hartzearekin prestatu dena), eta, Molinak ekarpen nabarmena egin duelako testu horren idazketa prozesuan. Gogoan izan behar da, ildo beretik, joan den maiatzaren 24an aditu gisa egon zela Eusko Legebiltzarrean, Transexualak Genero Identitateagatik Ez Baztertzeari eta Haien Eskubideak Aitortzeari buruzko Legea aldatzeko Proposamenari ekarpenak eginez.
Sari banaketa bihar izango da, 19:30ean, Groseko Kolon pasealekuko 50. zenbakian.


