Munstroek eta mamuek Euskal Itsas Museoa hartuko dute Beldurrezko Zinema Astean
Euskal Itsas Museoa. (Argazkia: Hitza) Euskal Itsas Museoak ateak irekiko dizkie munstro eta mamuei, hirugarren urtez jarraian. Atzo hasi eta azaroaren 5era arte, Fantasiazko eta Beldurrezko Zinema Astearen programazioarekin bat egingo du museoak.
Alde batetik, Zinema Itsasoak erakusketa ikusgai izango da Euskal Itsas Museoan urtarrilaren 8ra arte. Bertan, batez ere 70eko urteen inguruan, auzoetako aretoetan estreinaldi komertziala izan zuten filmen jatorrizko kartelen antologia erakutsiko da. Itsas abenturazko zintak, bikingoekin, piratekin eta marrazoekin, ia iraungita dagoen promozio-arte batera eramango gaituztenak bidaian. Zinema Itsasoak, Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astearekin lankidetzan antolatu da eta museoko azken solairuan bisitatu ahalko da doan.
Bestalde, emanaldi berezi batekin ospatuko da Grillos Navajeros taldearen 10. urteurrena. Haiekin, Fantasiazko eta Beldurrezko Zinema Astearekin eta Mala Gissonarekin elkarlanean, B Serieko film bat proiektatuko da museoan azaroaren 5ean, 19:00etan.
Sarrera doakoa izango da eta izen emateak museoaren webgunearen bidez egingo dira. Zinema emanaldia berezia izango da, eta filma ikusleen artean aukeratuko da momentuan bertan.
Fanzine tailerra
Gainera, fanzinearen munduan murgildu eta arakatu nahi dutenek, azaroaren 5ean, 11:00etan, ezkutuko arte hau praktikatzeko eta ezagutzeko tailerrera izango dute, Jabi Rodriguez eta Maialen Arozena artistekin batera. Itsas filmen kartelen inguruko fanzinez bustiko dute hiria bi orduko sesio horretan.
Egitasmo honen bidez, Euskal Itsas Museoak balioan jarri nahi du itsas ondare kulturala beste praktika artistiko batzuetan, hala nola zineman eta diseinuan.

