220 dira Donostian kalean lo egiten duten pertsonak, azken zenbaketaren arabera
Beatriz Artolazabal Justizia, Berdintasun eta Gizarte Politiketako sailburuaren esanetan, 661 dira EAEko kaleetan lo egiten duten etxerik gabeko pertsonak: 272 Gipuzkoan eta 220 Donostian, aste honetan bertan egindako zenbaketaren arabera.
Artolazabalek datu horiekin erantzun dio Elkarrekin Podemos-eko ordezkari Isabel Rodriguezek Eusko Legebiltzarreko kontrolerako osoko bilkuran egindako galdera bati. Eustatek, argitaratu berri duen beste azterlan batean dago jasota emaitza.
Hain zuzen ere, aurtengo landa lana aste honetan egin da, joan den urriaren 26tik 27ra bitartean egin da EAEko 23 udalerritan. Udalerri horiek EAEko biztanle guztien % 66 ordezkatzen dute, tartean hiru hiriburuak. Azterlan horren arabera 661 herritarrek lo egiten dute euskal kaleetan, bai kanpoan, bai erabilera publiko estaliko espazio batean, bai bertan bizitzeko desegokia den beste edozein lekutan, hala nola txabolak edo eraikin hondatuak.
Horietatik 348 Bizkaiko udalerrietan aurkitu dira, 272 Gipuzkoakoetan eta 41 Arabakoetan. Bilbon, landa lana egin zuen taldeak 251 pertsona aurkitu zituen gau hartan, kaleetan lo egiten, Donostian 220 eta Gasteizen 41.
Orotara 613 gizonezkoak dira eta 33 emakumezkoak; gainerakoetatik, ordea, ezin izan da haien generoa zehaztu. Artolazabalen arabera “emaitzak ez dira onak, baina kalean dauden pertsonen problematika baldintza justuetan kokatzen dute”.