Kurriloak Donostiatik pasatzen ari dira
Kurriloak urrian heldu ohi dira Iberiar penintsulara, eta ohiko da Gipuzkoatik eta Donostiatik pasatzen ikustea, migrazioan. Hain zuzen ere, Itsas Enara Ornitologia Elkarteak azaldu duenez, “milaka” ari dira pasatzen astelehen honetan Gipuzkoatik, eta Donostiatik pasatu den talde baten bideo bat argitaratu dute sare sozialetan. Kurriloen taldeak ikusgarriak izaten dira sarritan, zarata handia egiten pasatzen baitira migrazioan, beraz, egunotan zeruan zarata handia entzunez gero, baliteke kurrilo talde bat gainetik pasatzen aritzea. Behean ikus dezakezue aipatu bideoa (ez dauka soinurik).
Milaka kurrilo pasatzen ari dira gaur Gipuzkoatik. Irudietan Donostian ikusitako bandoetako bat. pic.twitter.com/PSaEEFlNq4
— Itsas Enara Elkartea (@ItsasEnara) October 31, 2022
Iazko azaroan, Itsas Enarakoek kurrilo gazte bat ikusi eta grabatu zuten Donostian, Loiolako Erriberatik gertu, kaio talde batekin batera elikatzen. Azaldu zutenez, segur aski, bere talde migratzailea utzi behar izan zuen, “nekatuta edo desorientatuta”. Kurriloena ez da azkenaldian Donostiaren gainetik pasatzen ikusi duten hegazti migratzaileen talde bakarra, duela bi aste mokozabal talde bat pasatu baitzen.