"Ez dezala gizakiz besteko animalien zapalkuntzak jarraitu!"
Elkarretaratze antiespezista egin dute Donostian, Aquariumaren parean.
Euskal Herriko mugimendu antiespezistak deituta, elkarretaratzea egin dute hainbat lagunek Donostian, Aquariumaren parean, Animaliak aske, ez kaiola, ez kate! lelopean. Urtero mobilizatu ohi dira azaroaren 1ean, eta aurtengo elkarretaratzea bosgarrena izan da. Donostian elkarretaratzeko arrazoia argi adierazi dute: “Euskal Herriko lekurik bisitatuena dugu atzeko kaiola [Aquariuma]”.
“Barruan dauden norbanakoei babesa erakustera etorri gara, haien askatasun grinarekin bat egitera. Beraiekin gaudela esatera etorri gara. Beraien sufrimenduaz jakitun garela. 5.000 norbanako inguru izan dira hemen atzean itxiak, 1928tik hona”, gehitu dute. Era berean, salatu dute zooak eta akuarioak ez direla ikasketa zentroak, “bisitariek ez dituztelako 30 segundo baino gehiago pasatzen kaiola bakoitzean eta paneletan informazioa eskasa delako”. Gainera, deitoratu dute bisitariek ez dutela animalia horiek babesteko “inolako kontzientziarik garatzen”. Horrez gain, salatu dute halako zentroek ez dutela espezieen errekuperazioa sustatzen, hala badiote ere: “Ustez erreskatatzen dituzten animalien %0,12 baino ez dira itzultzen beren ingurune naturalera”.
Bestalde, gogorarazi dute Aquariumak 100 urte beteko dituela laster, 2028an, eta beraien helburua hori ez gertatzea dela: “Hori gerta ez dadin borroka egingo dugu. Ez dezala gizakiz besteko animalien gatibutzak ez zapalkuntzak jarraitu, ez Donostian, ez inon!”.
Jarraian, irakurketaren zati bat ikus dezakezue, bideoan: