Donostia Ospitaleko onkologiako kontsulta batzuk Onkologikora lekualdatuko dituzte
Datozen egunotan, pazienteek jakinarazpena jasoko dute, haien kontsulten kokapenaren, dataren eta orduaren inguruko aldaketekin.
Donostiako Onkologikoaren eraikina. Beñat Parra Osakidetzak jakinarazi duenez, Onkologikoaren eraikinera eramango dituzte Donostiako Unibertsitate Ospitalean egiten ziren jarduera batzuk. Besteak beste, onkologia alorreko kanpo kontsultak. Horien bidez, pazienteek lehen bisitak eta segimenduak egiten dituzte, eta kokapen berria izango du azaroaren 7tik aurrera. Hau da, Onkologikoaren bigarren solairuan.
Datozen egunotan, pazienteek jakinarazpena jasoko dute, telefonoz edo postaz, haien kontsulten kokapenaren, dataren eta orduaren inguruko aldaketekin. Pazienteek jakin behar dute, gainera, arreta emango dien profesional taldea orain arteko bera izango dela, zerbitzuaren aldaketa naturalen eta antolaketa aldaketen ondoriozko aldaketa txiki batzuk gorabehera.
“Osakidetzaren eta Onkologikoaren arteko lotura hitzarmena sinatu zenetik, urratsak ematen joan dira, hitzarmen hori eraginkorra izateko eta pazienteei zerbitzu integratua eskaini ahal izateko, eredu eta helburu bakar batzuen arabera. Hala, Kudeaketa Klinikoko Unitatea –bertan sartzen dira Donostialdeako ESItik datozen zerbitzu inplikatuak eta Onkologikoa– eratzearen helburua da arreta bikaina, zuzena eta jasangarria ematea gaixotasun onkologikoak dituzten Gipuzkoako pazienteei, etengabe hobetzeko ikuspegiarekin”, azaldu du Osakidetzak.
Onkologia Erradioterapikoaren Zerbitzuan hobekuntzak egin dituzte, Onkologikoaren instalazioetan azeleragailu lineal berria eta modernoa jarri ondoren.


