Irrati piezen lehiaketa antolatu du Donostia Kultura irratiak
(Argazkia: Donostia Kultura irratia) Donostia Kultura irratiak Hamaika entzuteko! irrati piezen lehiaketaren zortzigarren edizioa antolatu du. Lehiaketa honek irrati pieza labur eta originalen ekoizpena eta hedapena bultzatzea du helburu, eta lanak azaroaren 24ra arte aurkeztu ahal izango dira dkirratia@donostia.eus helbidean.
Parte hartzaileek gehienez bost minutuko piezak aurkeztu ahal izango dituzte, euskaraz edo gaztelaniaz. Gaia guztiz askea da, eta edozein motatako pieza izan daiteke: irrati-fikzioa, irrati-kazetaritza, erreportajea, dibulgazioa… Aurkeztutako lanaren originaltasuna, sormena eta interesa izango ditu kontuan epaimahaiak.
Donostia Kultura irratiak parte hartzaileen zerbitzura jarriko ditu bere estudioak eta baliabideak, eta aurkezteko irrati-pieza bertan grabatzeko eta editatzeko aukera eskaintzen du, nahi izanez gero. Bi sari daude jokoan: irrati pieza onenaren saria 800 eurokoa izango da, eta euskarazko irrati pieza onenak 600 euro eskuratuko ditu.

