"Bizi eredu osasuntsua da sustatzen duguna"
Josu Lopezen (Hernani, 1987) gurasoek ireki zuten Donostiako lehen belar denda. Amara Berrin hasi zutena Antiguako Matia kalean jarraitzen dute egun, Alea dendan. Osasun ohiturak aldatzen ari dira hirian, eta belar dendek horretan laguntzen dutela uste du. 25 urte bete ditu Aleak eta urtemuga ospatzeko deskontuak ari dira egiten, urtea bukatu arte "ahal bada".
25 urte bete berri ditu Alea dendak Antiguan, ezta?
Bai eta ez. Denda honek 25 urte ditu, baina istorioa luzeagoa da: gure aitak, Jesus Mari Lopezek, 1970eko hamarkadan ireki zuen bere lehenengo denda. Donostiako lehen belar denda izan zen eta Amaran Berrin zegoen, egun Udaberri izenarekin lokal bera mantentzen da. Antiguara 1992 inguruan etorri ginen. Gure amak —Gema Encinas— Itsasmendi ireki zuen, Mikelete kalean, eta hiru lau urte beranduago Matia kalera lekualdaketa bat eskaini ziguten. Ama Itsasmendin geratu zen, eta aita, hemen, Alea dendan. Beraz, Matia kaleko dendak 25 urte bete ditu, eta besteak, 30.
Antiguan hirugarren bat ireki dugu orain, Naturetxe, Benta Berrin. Gure bizitza izan da hau, izan ere, familia enpresa bat gara: gurasoak, nire anaia, nire emaztea eta ni neu.
Txikitatik egon zara dendara lotuta?
Noski. 8 edo 9 urte nituenetik, arratsaldero etortzen nintzen dendara, amari laguntzera. Etxekolanak egin, eta laguntza txikia eskaintzera. Txikitatik bertako produktuekin elikatu naiz.
Lehen ez ziren horren ohikoak belar dendak, ezta?
Ez, noski. Gurasoena zen lehenengoa. Egun bai, egun denda mordoa dago. Produktuak ere: lehen, bi esne marka zeuden, eta arroz eta soja edariak zituzten. Egun 20 edo 30 marka ezberdin daude, eta bakoitzak barietate mordoa du: oloa, arroza, sarrazenoa, artatxikia… Tofua eta seitana bezalakoak ere; lehen, hiru gauza zeuden, eta ez oso gozoak Egun, marka mordoa dago eta oso onak. Urteak pasata garapen handia egon da.
Ekologikoa «modan» al dago?
Bai, eta zoritxarrez, egun, leku guztietan saltzen dira ekologikoa marka duten produktuak. Lehen, elikagai begetarianoak jan nahi zituen pertsona batek, edo tratamendu berezi bat behar zuen batek, normalean hona jotzen zuen. Ez zegoen besterik. Orain supermerkatu guztiek dute euren sekzio ekologikoa.
Ekologikoa etiketaz harago zoazte zuek, ezta?
Produktu ekologikoen mundua oso zabala da; ez da bakarrik etiketa edukitzea. Begiratu behar da inguruarekin eta naturarekin errespetuzkoa ote den.
Bizi eredu osasuntsua da guk sustatzen duguna. Eta bizitzeko modu bat da, azken finean. Lagunekin hitz egiten dudanean, beti dago baten bat esaten dizuna: «Eta ez duzu nahiago txuleta bat tofua baino?». Betikoa da. Niretzat gozoagoa da txuleta, noski, baina gauza batek ez du bestea kentzen. Nik ohitura dut horrelakoak jateko, eta besteak ere disfrutatzen ditut, baina beste modu batean. Bizitzeko ohiturak aldatzea da gakoa.
Kontsulta baduzue ere dendan.
Gurekin denbora gehien daramana dietista bat da, eta dieta pertsonalizatuak egiten ditu: bai argaldu nahi duenarentzat, bai kirolarientzat, eta baita intolerantziaren bat duenarentzat ere. Berak pautak ematen dizkizu, eta egia da kasu egiten badiozu emaitzak oso onak izaten direla! Dietistaz gain, masajista bat egoten da, intolerantzia testa egiten dugu, eta egon izan da ere naturopata bat gurekin, ordea, orain bakarrik amaren dendan egoten da kontsulta egiten.
Osasun ohiturak asko aldatu al dira hirian?
Gero eta jende gehiago ari da bestelako ohiturak hartzen. Harrigarria egiten zait, zein jende gaztea ari den aldaketak egiten: beganoak direla diotenen %90a, 25 urtetik beherako gazteak dira. Txipa aldatuta datoz belaunaldi berriak, aurreiritzi gutxiagorekin.
Nola laguntzen diozue jendeari bizi eredu osasuntsua aurrera eramaten?
Hurbiltasuna ezinbestekoa da eta galdetzen jakiten dugu: Zer ohitura dituen, zer jaten duen, zer arazo daukan… Urteekin ikasten goaz, besteei balio izan badie, balio dezake berriz. Aurrekoan, andre bat etorri zen, antsietatea zuela-eta, tripan korapiloa sentitzen zuela. Bizpahiru egunetara bueltan etorri zen, ez ezer erostera, eskerrak ematera baizik! Poz handia da.
Zer gomendio egingo zenuke bizimodu osasuntsu baterako?
Janari osasuntsu eta orekatua. Nik ez dut gomendatzen gauzaren bat kentzea; haragia adibidez, osasun ikuspegitik behintzat ez, ideologiaren araberakoa da gehiago. Kirola egitea ere uste baino garrantzitsuagoa da, zure adin eta egoerari egokituta, beti ere.
Eta ba al dago kentzea komeni den zeozer?
Ogia, irin finduak, azukrea eta horrelakoak ekiditea komeni da. Gaixotasunen bat baldin badago, ere janariari garrantzia ematea ezinbestekoa da. Adibidez, minbizia duen pertsona batek, tratamendu mediku berezia beharko du —kimioterapia eta beste—, baina elikadurarekin osatu behar da. Elikadurarekin bakarrik ezin da, noski, baina biak batuta emaitzak askoz hobeak direla ikusten dugu.
Auzoarekin duzuen harremana ona al da?
Antiguan hainbeste denbora daramagu, auzokoak dirudigula. Jendeak kaletik agurtzen gaitu, eta elkar ezagutzen dugu. Urte zail hauetan jendeak etortzen jarraitzen du, eta gauza politak esaten dizkigute. Askotan esaten dut hau: nire laneko gauzarik hoberena, jendea. Okerrena ere batzuetan [barrez], baina orokorrean oso harreman onak sortzen ditugu hemen.