Ibaeta Basketek bolada ona hobetzeko aukera izango du
Eurokopako lehen partida eta ligako hiru azkenak irabazita, Ibaeta Basket garaipen bolada onean da. Etxean Perfumerias Avenida ahaltsuari irabazitakoa mugarri izan zen Azu Muguruzak gidaturiko taldearentzat. Kanaria Handia mendean hartuta, sailkapeneko lehen postuetara iritsi ziren. Igandean, bosgarren garaipena jarraian eskuratzeko aukera dute Gasca kiroldegian, ligako Murtziako Jairis taldearen kontra.
Futbolean, Realeko bi taldeek etxean jokatuko dute. Neskek Madril hartuko dute bihar, Zubietan. Txuri-urdinentzako test aproposa izango da sailkapeneko goiko postuetara iristeko. Alavesen kontrako derbia aise irabazita, konfiantza berreskuratu dute. Mutilek, berriz, ez dute atsedenik izango. Europako helburua beteta, ligaren txanda da. Valentzia dator Anoetara, eta ligako porroten bolada eteteko une aproposa izango da. Halere, ez da areriorik errazena izango.
Izotz hockeyan, Txuri Urdineko bi taldeak ere etxean ariko dira, Anoetako izotz pistan. Mutilek kolpetik bi partida irabazita, hirugarrena ere nahi izango dute. Jaca indartsua izango dute aurrez aurre. Aldiz, neskek partida bakar bat irabazi gabe jarraitzen dute. Etzi Puigcerdaren kontra ariko dira, eta ea gertu duten garaipena eskuratzen duten.
PARTIDAK
Saskibaloia
Emakumeen liga, 6. jardunaldia
- Ibaeta Basket – Jairis (etzi, 11:45)
Futbola
Emakumeen lehen maila, 8. jardunaldia
- Reala – Madril (bihar, 12:00)
Gizonen lehen maila, 13. jardunaldia
- Reala – Valentzia (etzi, 16:15)
Izotz hockeya
Gizonen lehen maila, 7. jardunaldia
- Txuri Urdin – Jaca (bihar, 21:00)
Emakumeen lehen maila, 7. jardunaldia
- Txuri Urdin – Puigcerda (etzi, 14:30)