Realak garaipen batekin joan nahi du ligako geldialdira
Realeko jokalariak, Xeriffen etxean jokatutako partidan. (Argazkia: Reala) Realak asteazken iluntzean (19:00) jokatuko du Qatarreko Munduko Txapelketarengatik ligan egingo duten geldialdiaren aurreko azken partida, Sevillaren etxean. Asteburuan Valentziaren aurka berdinketa baliotsua lortu ondoren –hamar jokalarirekin jokatu zuten txuri-urdinek ia partida osoa–, Andaluziatik garaipen batekin itzultzea izango du helburu Imanol Alguacilen taldeak.
Denboraldiaren hasierako maila bikaina pixka bat jaitsi du Realak, baina ezin daiteke esan egoera txarrean dagoenik ere, ligan Europako postuengatik ondo borrokatzen ari baita eta Europa ligako final-zortzirenetarako sailkatuta baitago. Sevilla, aldiz, azken urteotako unerik txarrena igarotzen ari da, jaitsiera postuetan ez egoteko borrokatzen ari baita. Horrela ere, talde ona daukate andaluziarrek, eta etxean jokatuko dute. Irabaziz gero, Realak seigarren postua berreskuratuko luke, eta hortik gora dauden taldeek egiten dutenaren arabera, baliteke goragoko postuetan joatea geldialdira.
Hamaikakoari dagokienez, aurreikusi daiteke Alguacilek talde hau zelairatuko duela: Remiro, Gorosabel, Pacheco, Le Normand, Rico, Zubeldia, Merino, Brais, Navarro, Carlos Fernandez eta Sorloth. Hala ere, baliteke Silvak eta Kubok minutuan izatea, lesioetatik errekuperatuta baitaude.


