2018ko Kontxako Bandera Hondarribian geldituko da
EAEko Justizia Auzitegi Gorenak arrazoia eman dio udalari, Urdaibaik 2018ko Kontxako Banderaren harira jarritako helegitearen aurrean.
2018ko Kontxako Banderaren lehenengo jardunaldian, epaileek Urdaibai zigortu egin zuten, Zierbenako arraunak jo zituelakoan; azken postura bidali zuten, eta hamabost segundoko penalizazioa ezarri zioten. Bermeoko taldeak denbora onena egin zuen bigarren jardunaldian, baina ez zion ezertarako balio izan, ezin izan baitzuen penalizazioa gainditu. Kontxako Bandera Hondarribiak irabazi zuen, Zierbena baino segundo bat azkarragoa izan zelako. Urdaibai zigortu izan ez balute, ordea, Kontxako Bandera bermeotarrek irabaziko zuten, denborarik onena egin baitzuten, bi jardunaldiak batuta. Horrela, Urdaibaik EAEko Justizia Auzitegi Gorenera jo zuen, eta epaileek 2020an erabaki zuten Urdaibaik Kontxako Bandera hori eskatu zezakeela. Orain, aldiz, auzitegiak Donostiako Udalari eman dio arrazoia, bizkaitarren helegitea baztertuta; 2018ko Kontxako Bandera, beraz, Hondarribian geldituko da. Epaia behin betikoa da.