Bretxako baserritarrak kristalezko pergola batean kokatuko dituzte
Urtarrilean hasiko dituzte lanak, eta martxorako egitura berria prest egotea aurreikusten du udalak. Horrela, hamahiru postuak plazaren alde batetik bestera mugituko dituzte. Hau da, Arrandegi eraikinaren aurretik Arkuak eraikinaren atzealdera.
Baserritarrek martxoan estreinatuko duten kristalezko pergolaren simulazioa.Donostiako Udala Hiru urte luzeren ondoren, Bretxako baserritarren itxaronaldia bukatzear dela iragarri du Donostiako Udalak. 2023ko martxorako behin betiko kokalekua izango dute plazan. Hain zuzen ere, 2019ko martxotik daude behin-behineko kokalekuan, Arrandegi eraikinaren aurrean, karpa zuri eta handi baten babesean –San Juan kaletik hara eraman zituzten Arkuak eraikina berritzeko–. Eguraldi txarrak eragindako kalteak eta pandemiak eragindako galerak jasan behar izan dituzte. Horrela ere, baserritarren hamahiru postuek bezeroei zerbitzua ematen jarraitu dute.
Bretxako plaza berrantolatzean, kristalezko pergola batean kokatuko dituzte baserritarren postuak. Bakoitzak gehienez 5 metroko zabalera eta gutxienez 3,50 metroko altuera librea izango du. Kristalezko egitura osoak Bretxako merkatuaren aurrealdearen zabalera hartuko du, eta hormatik 20 zentimetrora egongo da, postu bakoitzaren markesina ixteko elementuek aurrealdea ez ukitzeko. Hain zuzen ere, postuak ireki eta itxi ahal izango dira plazako eremu hori gauetan libre uzteko.
Horrez gain, pergolaren albo batean plazaren lur azpira jaisteko kristalezko sarbide bat jarriko dute. Gogora dezagun, plazaren azpian dagoen merkatua Arrandegi eraikinaren beheko solairura lekualdatuko dutela. Lur azpian, berriz, egungo supermerkatua mantenduko dute.
Plazako «protagonistak»
Bretxako berrantolaketa egiterakoan, plazako «protagonistak» baserritarrak izango direla nabarmendu du Eneko Goia alkateak: «Lan horiek egiterakoan, gaur egun plazaren erdian dagoen tuper itxurako egitura desagertuko da, eta donostiar guztiok gozatzeko plaza ireki berri bat sortuko da».


