"Hotelen lizentzia berriak mugatzeko neurriak atzeratu nahi ditu Goiak"
Ostatu erabilerak arautzeko udal gobernuak iragarritako erabakia kritikatu du EH Bilduk. Plan Orokorra aldatuko dute erabilera tertziarioko eraikinak hotel bihurtzeko prozeduretan udalak lizentziak mugatzeko aukera izateko. Horretarako, azterlan bat adjudikatuko dute.
Erabilera tertziarioko eraikinak hotel bihurtzeko lizentziak mugatu nahi ditu udal gobernuak. Horretarako, Plan Orokorra aldatu behar da, eta aldaketa hori egiteko azterlan bat adjudikatuko dute lehiaketa publiko baten bidez. Bi urteko epea ezarri dute azterlana osatzeko. EH Bilduk udal gobernuaren erabakia kritikatu du, hotelen ugaritzea mugatzeko neurriak atzeratuko dituelako.
Aukeratutako adjudikazio motak prozedura «lau edo sei hilabete» atzeratuko duela ohartarazi du Ricardo Burutaran zinegotziak: «Ez du zentzurik lan hau azpikontratatzeak, udaletxean gaitasun tekniko nahikoa duten langileak daudelako. Lan hau udal teknikariekin egiteko erabakiak nabarmen murriztuko lituzke epeak. Hori ez da bigarren mailako kontu bat, honen bidez lizentzia berriak bertan behera uzteko aukera dagoelako. Hau da, lizentziak eten daitezke Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren aldaketa baten hasierako onespenaren ondoren».
Burutaranen ustez, Donostian hotel bat ezarri nahi dutenei «azken aukera bat» eman die alkateak. «Hotelen lizentzia berriak mugatzeko neurriak atzeratu nahi ditu Goiak. Horregatik, eskatzen diogu izapide guztiak ahalik eta gehien arin ditzala Donostian hotelei eta gainerako turismo ostatu berriei lizentziak kautelaz bertan behera uzteko».
Maria Inmaculada eta Mariaren Bihotza
Lizentzien kautelazko eteteak Groseko bi hirigintza proiekturi eragin diezaiekeela dio Burutaranek. Maria Inmaculada ikastetxeko sustatzaileek orube horretan hotel bat, supermerkatu bat, aparkaleku bat eta Lanbide Heziketako zentro bat jartzea aurreikusi zutela gogoratu du. Ordea, Hirigintzak planari argi berdea eman eta hurrengo egunean, zentroa ikasleen egoitza batengatik aldatu zutela gaineratu du: «Egoitza hori hotel gisa erabil daiteke kudeatzaileek hala erabakitzen badute».
Mariaren Bihotzaren eraikinari dagokionez, tramitazioa motelago doala esan du Burutaranek: «Bi proiektu horietako batek ere ez du lizentzia eskatu oraindik, eta horrek udal gobernuari esku hartzeko aukera ematen dio».