Kopa izango dute jokoan
Bi jardunaldi falta dira emakumezkoen hockey ligako lehen itzulia bukatzeko, eta Realak eskura du kopa jokatzeko aukera. Horretarako, ez dute hutsik egin behar. Bihar, Tenisen zelaian jokatuko dute (16:00), eta irabaziz gero, automatikoki koparako sailkatuko dira. Era berean, garrantzitsua izango da partida irabaztea, azken porroten ostean.
Futbolean, gizonezkoen liga eten da Munduko Txapelketa jokatzeko. Horren aurretik, Realeko mutilek kopako lehen kanporaketa jokatuko dute. Toledoko Cazalegas taldearen kontra ariko dira etzi, 19:00etan. TVE 1 telebista katean ikusi ahal izango da. Preferente mailakoa da Cazalegas.
Eurokopako partida galdu berritan, Ibaeta Basketek ligako bolada onari eusteko erronka polita izango dute. Valentziaren pistan ariko dira, eta ez da batere erraza izango irabaztea. Batez ere, elkarren aurka aritu diren azken partidatan valentziarrak izan direlako garaile.
Azkenik, izotz hockeyan, Txuri Urdineko mutilek Puigcerdaren kontra jokatuko dute bihar gauean. Milenio Panthersi irabazitako bi neurketen joko maila berreskuratu beharko dute denboraldiko hirugarren garaipena eskuratzeko.
PARTIDAK
Belar hockeya
Emakumeen liga, 10. jardunaldia
- Tenis – Reala (bihar, 16:00)
Futbola
Gizonezko kopa, lehen kanporaketa
- Cazalegas – Reala (etzi, 19:00)
Saskibaloia
Emakumeen liga, 7. jardunaldia
- Valentzia – Ibaeta Basket (bihar, 19:15)
Izotz hockeya
Gizonen lehen maila, 8. jardunaldia
- Puigcerda – Txuri Urdin (bihar, 22:00)