Olatu handia, euskararena
Olatuak Pasealeku Berrian. Joseba Parron San Sebastian Olatu handia deitu diote datorren ostiralean hasiko den Euskaraldiari. Aldekotasuna erakusteari utzi, eta aldaketasuna martxan jartzeko ordua delako. Olatuek ez dute baimenik eskatzen, ez eta barkamenik. Olatuak datoz, emepuntu Rajoyk zioen moduan, «inork jakin gabe zergatik».
Trikutzen zaigu azala eta udazkentzen sabela, baina iraungo badugu, ez dugu iraungo izateagatik eder eta—are gutxiago— zahar. Iraungo dugu izateagatik malgu, eta apurtu ezin, eta kameleoi, eta su-emaile.
Euskara dela gure territorio libre bakarra, esan zuenean Sarrik, poliziak eta boki-ek ez ulertzeko erabiltzen zutela adierazteko zen: Emukatup tab kogaid erug naedlakezta / ae neztidnufnok nugud… Horregatik niri bost axola B1-a eskatzen zaien edo ez poliziei; hobe ezetz, kasik.
Hedoi Etxartek ezin hobeto laburtu zuen bere azken iritzian Berria-n: «Euskarak aurre egin duen azken bi garaietan (1920-36 eta 1960-89) emantzipazio orokorraren markoan egin du, ez euskaratik eta uneko euskaldunentzat: kapitalismoaren kontra, emakume eta etorkinekin, greba eta lanuzteetan, estatuari gerran eta ez eskean».
Euskara biziko bada, boterearen kontra biziko delako, baimenik gabe, barkamenik gabe. Pasealeku Berria blaitzen duen olatuaren maneran, behetik eta ezkerretik.


