Zikloteka bizikletaren Espainiako erreferentziako dokumentazio zentroa izango da
Gipuzkoako Foru Aldundiak Espainiako Garraio eta Mugikortasuneko Ministerioarekin sinatu duen hitzarmenaren ondorioz, aurrerantzean Zikloteka izango da bizikletari buruzko Espainiako dokumentazio zentro nazionala. Rafaela Romero Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako diputatuak nabarmendu zuenez, “hitzarmen hau estrategikoa da Gipuzkoarentzat, bizikleta mugikortasuna sustatzeko erreferente nazional bihurtuko duelako Zikloteka, eta, gainera, baliabide baliotsua izango delako bizikletaren aldeko Espainiako estrategiaren esparruan jasotako hainbat programa hedatzen laguntzeko”.
Zikloteka kudeatzen duen Cristina Enea Fundazioko zuzendari Jose Maria Hernandezek balioan jarri du bizikleta ezagutarazteko eta sustatzeko egindako ahalegina, eta adierazi duenez, “sinatutako hitzarmenak aukera emango du administrazio publikoetan mugikortasun planak diseinatzeaz arduratzen diren teknikarien eskaerari erantzuteko, eta baita gizarteari ere, iritzi orokorra baita bizikletak paper nabarmena izan behar duela mugikortasun berrian”.
Hitzarmenari esker –15.000 euroko diru laguntza biltzen du– Cristina Eneako Ingurumen Baliabideen Etxean kokatutako dokumentazio zentroak tresna informatikoak hobetuko ditu, bere jarduera ezagutaraziko du sare sozialetan eta Gipuzkoako dokumentazio zentroaren ikusgarritasuna handituko duten jarduerak egingo ditu, hala nola, Ziklotekaren web helbidea Espainiako ministerioaren orrian txertatzea.
Zikloteka, eredu
Gaur egun, Ziklotekak 2.545 erreferentziako funts dokumentala du, eta presentzialki nahiz online kontsulta daitezke. Funts horiek kontsultatzeko, proiektuaren webgune ofizialean bilatzaile bat dago, eta horri esker erraz aurki daitezke funtsak, izenburuaren, egilearen, esparru geografikoaren edo kategoriaren arabera (9 gai nagusitan multzokatutako 60 kategoriatik gora).
Hitzarmen honi esker, Ziklotekak dokumentazioa biltzeko zereginekin jarraituko du, baina irismen handiagoarekin, dokumentazio teknikoa biltzeko lanetan aurreratzeko aukera emango baitu:lizitazioak, kontratuak, erreferentziako administrazio publikoen lehiaketak eta entitate akademiko nagusiak; baita esparru honen inguruko bestelako dokumentu profesionalak eta herritarrenak ere, betiere funts bibliografiko berriak eskuratu eta katalogatzeko helburuarekin.