Koparako txartela lortu dute
Realaren eta Tenisen arteko neurketako une bat. (Argazkia: Reala) Realeko belar hockey taldeak koparako sailkatzea zuen jokoan larunbatean Tenisen etxean jokatutako neurketan, eta ez zuen hutsik egin, 1-4 irabazi baitzuen. Horrela, azkenaldiko porroten boladari buelta eman zioten txuri-urdinek, eta koparako txartela lortu zuten. Lehenengo laurdenaren hasieran aurreratu ziren txuri-urdinak, Ainhoa Huegunen gol batekin. Erasoan jarraitu zuten, baina atsedenaldira 0-1-ekoarekin iritsi ziren. Bigarren zatian, erasoan jarraitu zuten donostiarrek, eta markagailua handitzen jarraitzea lortu zuten: Federica Cartak sartu zuen bigarrena, eta Giuliana Ruggierik hurrengo biak. Etxekoek azken minutuan sartu zuten ohorearen gola.
Futbolean, Realak Cazalegas talde apala garaitu zuen atzo, eta kopako hurrengo faserako sailkatu da. Bigarren minutuan aurreratu ziren txuri-urdinak, Navarroren gol batekin. Zelaian nagusi ziren donostiarrak, eta lasaitu egin ziren, baina etxekoek partida berdintzea lortu zuten, bukaerarako hogei minutu gelditzen zirenean. Hala ere, Reala erreakzionatzeko gai izan zen, eta azkar eman zion buelta egoerari: Sorlothek bi gol sartu zituen berehala, eta Merinok sartu zuen ondoren laugarrena.
Saskibaloian, Ibaeta Basketek ezin izan dio ligako bolada onari eutsi, 86-81 galdu baitu Valentziaren etxean. Horrela ere, donostiarrak valentziarren aurretik jarraitzen dute sailkapenean, Ibaeta Basket bosgarrena baita, eta Valentzia seigarren.
Izotz hockeyan, Txuri Urdineko mutilek ezin izan dute Milenio Panthersen aurka erakutsitako maila ona erakutsi Puigcerdaren aurka, eta 7-2 galdu dute (4-1, 0-0 eta 3-1). Horrela, ligako azkenurrenak dira donostiarrak.
EMAITZAK
Belar hockeya
Emakumeen liga, 10. jardunaldia
- Tenis 1 – Reala 4
Futbola
Gizonezko kopa, lehen kanporaketa
- Cazalegas 1 – Reala 4
Saskibaloia
Emakumeen liga, 7. jardunaldia
- Valentzia 86 – Ibaeta Basket 81
Izotz hockeya
Gizonen lehen maila, 8. jardunaldia
- Puigcerda 7 – Txuri Urdin 2

