Haurren ongizatea sustatzeko podcastak zabaldu ditu Gazteria sailak
Haurrak jolasean. (Argazkia: Lide Ferreira) Haurren ongizatea oinarri izenpean, eta Haurren Eskubideen Nazioarteko egunarekin bat eginez, Donostia Gazteriak hainbat podcast eta bideo elkarrizketa zabaldu ditu, haztean eta hezkuntzan inplikatutako familia eta pertsonei zuzendua. Helburua da haurdunaldiarekin eta 0 eta 5 urte bitarteko hazkuntzarekin lotutako gaiak ezagutaraztea eta horien sentsibilizazioa sustatzea.
Egitasmo hau Haurren Ongizatea oinarri programaren barruan kokatzen da. Programa horrek 0 eta 5 urte bitarteko haurren eta haien familien beharrei erantzun nahi die, haurren garapen positiboaren ikuspegitik. Programa honek fase desberdinetara egokitutako doako espazio bat eskaintzen du, haurdunaldi eta hazkuntza taldeekin.
Edizio honetan, hainbat udal-instalaziotan aurrez aurre egiten den lan guztiaren berritasun eta osagarri gisa, kalitatezko dibulgazio materialak eskaintzearen aldeko apustua egin da, familiek eta profesionalek kontsulta egin ahal izan dezaten eta haurren hazkuntzan eta ongizatean lagungarri izan daitezen.
Horrela, Erroa Elkartekoak eta programaren taldeetako arduradunak diren, Estitxu Fernandezekin -psikologia perinatalean aditua- eta Julene Armendarizekin -pedagogo perinatala-, Haurren Ongizatea oinarri programaren bost podcast eta bideo elkarrizketa grabatu eta ekoiztu dira.
Haurren eskubideak erdigunean jartzen dituzten material horiek eskuragarri daude donostia.eus/gazteria webgunean, haurren hazkuntzan eta hezkuntzan inplikatutako familientzat eta pertsonentzat.

