Erlojuei tiro
Zuk pentsa zure bizitzako azken unean zaudela. Lasterketa bat egin eta gero –zure arropa estreinatu berriarekin–, bihotzak esaten dizula iritsi dela zure azken ordua. Pentsa orduan, ordularia begiratzea beste erreakzio hoberik ez zaizula okurritzen: «Zenbat segundo galdu ditut?».
Udako gazte eskola batzuetan entzun nion kide bati, Frantziako Iraultzan tiro egin ziotela erlojuei, ez-metaforikoki. Eztabaidarako denbora eskatzen zuen.
Zer da denbora galtzea? Pentsatzea ez omen da ezer egitea. Eta hor goaz, burua galdu duen oilaskoaren dantza berarekin egunak ematen aurrera edo zirkuluan. Gelditzea ezinbestekoa da ia beti. Gelditu aurrera urrunago egiteko.
Denbora, hain zuzen, ez duelako erlojuak neurtzen ahal. Orbanak eta garaipenak dira poligrafo bakarrak.