Kobanek agur esan du
Bukatu da Koban donostiarren ibilbidea. Sare sozialetan iragarri dute agurra. Horretarako, “motel baina goxo” idatzi duten mezu bat erabili dute, eta, azaldu dute duela urtebete erabaki zutela euren jarraitzaileentzako agurra idaztea. “Gaur lortu dugu”, adierazi dute.
2015ean sortu zen Koban taldea, eta, ordutik, euskal kultura, musika elektronikoa eta swinga uztartzen aritu dira. 2018an Koban izeneko diskoa argitaratu zuten, eta, kontzertuz kontzertu, Euskal Herriko txoko ugari ezagutzeko aukera izan dute.
Jarraian irakur dezakezue Kobanek sare sozialetan argitaratu duen agur mezua:
Gabon ilunpetako zomorroak
Urtebete da mezu hau idaztea erabaki genuela, baina gaur lortu dugu. Hau ere modu asanblearioan, motel baina goxo.
Amaitu da, amaitu dugu. Koban bide ederra izan da. Ikasteko asmoarekin sortu zen lagunarteko proiektuak gauetik egunera bide berriak ireki zizkigun. Euskal Herriko txoko kuttunenak ezagutzeko aukera izan dugu, kristoren esperientziak; baina batez ere, jende on eta eder asko. Eta hau dena zuei esker, eta bidean lagun izan ditugun taulakide eta musika maite duen jende motibatuari esker.
Kanta berriak prestatzen eman dugu pandemia ostea, baina nekeak eta arrazoi pertsonalak tarteko, ez diogu proiektu honi lekurik ikusten gure bizitzetan, orain behintzat.
Ondorioa. Pozik eta triste, eta pozik, eta triste ere bagaude, baina pozik. Kristoren bidaia izan da, momentu bakoitzak merezi izan du. Mila esker bihotz-bihotzez emandako babes eta maitasunagatik.
Koban izan gara: Maddi, Joseba, Xalba, Esti, Eli, Rakel, Onintza, Jone, Lide, Asier, Olatz, Barri, Haritz, Julen, Josetxo, Xaguxarroski, Koli eta abar luze bat.
Autogestioan oinarritutako sekulako eszena daukagu Euskal Herrian, eta harro gaude horren parte izan izanaz; gero eta feministagoa izatea espero dugun eszena.
Orain publikoan eta beste proiektu berrietan gozatzen jarraituko dugu.