Tapiak onartu du erraustegiak ez dituela betetzen Ingurumen Baimen Bateratuaren baldintzak
Arantxa Tapia Azpiegituretako sailburuak Eusko Legebiltzarrean esan duenez, Zubietako erraustegiak ez ditu betetzen Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Baimen Bateratuak eskatzen dituen baldintza guztiak. Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IUko legebiltzarkidearen galderei erantzunez egin ditu adierazpenak Tapiak.
Duela aste batzuk, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) kontrakoa ziurtatu zuen, alegia, Zubietako erraustegiak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Baimen Bateratuak eskatzen dituen baldintza guztiak “zehatz-mehatz” betetzen dituela, “Europako beste instalazio askotan baino zorrotzagoak” izan arren. Era berean, Tapiak onartu du errauste plantan gehiegizko isuriak daudenean ez dago erretzea automatikoki geratzen duen sistemarik; hain zuzen ere, hala salatu zuen duela aste batzuk GuraSOS elkarteak.
Ura erakundearen zigorra
Arkaitzerrekako errekastoaz ere hitz egin du sailburuak, errekastoa kutsatuta baitago duela hainbat hilabete. Onartu du errekasto horretan legeak baimendutakoa baino kopuru handiagoetan daudela metal astunak, amonioa eta beste substantzia batzuk, eta, horregatik, Ura erakundeak zigor espediente bat ireki diola GHK-ri. Erakunde horren aginduz egindako SGS eta IDOMeko txostenek kutsadura hori frogatzen zuten 2019tik, baina Tapiak hori onartzen duen lehenengo aldia da.
Dioxinak
Erraustegiarekin lotutako beste albiste bat izan da azken egunotan, Errausketaren Aurkako Mugimenduak joan den astean aurkeztu baitzituen ToxicoWatch fundazioaren eta GHK-ren beraren azterketetako datuak. Mugimenduak azaldu zuenez, erraustegia abiarazi zutenetik, inguruko aire, lurzoru, ur eta landareak kutsatzen ari da dioxinaz eta bestelako gai toxikoz. Herbehereetako ToxicoWatch fundazioak 2021eko laginekin egindako azterketatik eta GHK-k urtero Eusko Jaurlaritzari aurkeztu beharreko Ingurumen Zaintzako Programaren barruan IDOM eta SGS konpainiek egindako bi azterketatatik atera dituzte datuak. Albiste hori Argia hedabideak eman zuen, eta bere webgunean irakur dezakezue osorik.