'Yoko oporretan' filmaren aurrestreinaldia Donostian izango da
Abenduaren 2an estreinatuko dute Yoko oporretan filma, baina egun batzuk lehenago ikusi ahal izango da Principe zinema aretoetan. FNACek antolatuta, aurrestreinaldia egingo dute larunbatean, hilaren 26an, 11:00etan. Hara joaten diren familiek argazkiak egin ahal izango dituzte filmeko pertsonaiarekin, eta ondoren pelikula ikusi.
Yoko pertsonaiaren inguruko bigarren filma da, Juanjo Elordi zuzendariak eta Edorta Barruetabeña idazleak landurikoa. Yoko eta bere lagunak (2015) filmarekin eta telesailarekin izandako arrakastaren ondoren, pertsonaiak banandu egingo dituzte opor batzuetan, ikus dezaten, hasieran beldur izan arren, gai direla errutinatik irten, esperientzia berriak bizi eta lagun berriak egiteko. Dibulitoon eta Wizart Animación etxeek ekoiztu dute filma, ETBren, Gipuzkoako Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin.
61 minutuko iraupena du, 3 eta 7 urte bitarteko haurrei zuzenduta dago, eta adin horietarako, haurrek zineman duten lehenengo esperientzia gisa sortuta dago, aldez aurretik dagoeneko ezagutzen duten sail batean oinarrituta baitago. 79 atal ditu sail horrek, eta 20 herrialde baino gehiagotan ikus daiteke.
Telesaileko berberak dira filmeko pertsonaiak. Yoko gainerakoak harritzen eta babesten saiatzen dena. Eta hiru umeak: Oto, Mai eta Vik, hiru nortasun oso ezberdin baina osagarri irudikatzen dituzten pertsonaiak eta, azkenean, beti elkar ondo ulertzen dutenak; jolasaren bitartez konpontzen dute sortzen zaien edozein arazo. Emanaldi berri honetan, gainera, beste hiru pertsonai agertzen dira: Moko, Toko eta Izoko, Yoko bezala jenioak direnak, munduko beste parke batzuetakoak, eta haurrekin jolastuko direnak, haien irudimena piztuz.