Ireki dute Astiñeneko zubi berria
Iritsi da eguna. 2022ko azaroaren 24an zabaldu dute Astiñeneko zubi berria, 13:00ak inguruan.
Ibilgailuek, bizikletek eta oinezkoek dagoeneko erabil dezakete. Halere, lanak ez dituzte bukatu. Oinezkoen pasabidea zolatu gabe dago, eta ingurua urbanizatzea eta txukuntzea falta da. Lan horiek bukatzeko eperik ez du eman udalak.
Gogoratu behar da Astiñeneko zubi berriko lanak 2018an adjudikatu zituztela, 3,2 milioi euroko aurrekontuarekin, eta 2020an irekitzea aurreikusten zutela orduan. 2019an hasi ziren lanekin, eta ordutik atzerapen ugari izan dituzte, pandemia tarteko.