"Agur festarik ez dugu aurreikusi, baina..."
Hilabete bukaeran itxiko dute Aldamar kaleko Los Italianos izozki denda eta kafetegia. Joxe Mari Arin (Lezo, 1961) nagusiak erretiroa aurreratzea erabaki du, azken hilabeteotan gastuak nabarmen igo direlako. Itxi bitarte, bezeroak hartzen jarraituko dute.
Egun gutxi falta dira Los Italianos ixteko. Prest zaude horretarako?
Prestatzen ari naiz. Egia esan, ez da erraza. Egunak pasa ahala, moldatuz joaten zara. Beste ilusio batekin, beste bizimodu bat datorrelako. Pena ematen dit hau ixteak, baina besterik ez dago.
Tristura ala amorrua, zer da sentitzen duzuna?
Tristura. Amorrurik, ez. Beste era bateko bukaera izatea nahiago nuke. Ez da posible izan, erreleborik ez dudalako eta azkenaldian dena asko garestitu delako.
Zer nolako bukaera nahiago zenuke?
Errelebo batekin. Ordea, ez dago beste belaunaldirik negozioarekin jarraitzeko. Hasiera batean, semea egon zen hemen urte batzuetan. Pandemia aurretik utzi zuen, ikasketa batzuk egin nahi zituelako. Ondoren, pandemia etorri zen, eta dena hankaz gora jarri zitzaigun. Ez nuen denbora izan pertsona bat aurkitu, irakatsi eta prestatzeko. Bat-batean, gauzak okertu ziren, eta indarrik gabe geratu naiz aurrera jarraitzeko. Egia esan, bi urte aurreratu da dena, nire asmoa 63 urterekin erretiratzea zelako.
1939an zabaldu zuten denda Giuseppe Moncalvo eta Matilde Priamo senar-emazteek. Ibilbide luzeko historia gordetzen du.
Pasta freskoa saltzeko denda gisa ireki zuten, 1939a baino lehen. Gero, 36ko gerra etorri zen, eta Italiara joan ziren. 1939an hemen gerra bukatu eta Bigarren Mundu gerra han hasi zen. Orduan, Donostiara itzultzea erabaki zuten. Berriz ere pasta freskoa egiten hasi ziren. Hemen jan ditudan makarroiak ez ditut beste inon probatu. Gerraostean, ordea, lehengaiak gutxitu ziren, eta gosea areagotu. Errazionamendu liburuxka ezarri zuten, eta konturatu ziren pastarekin ezin zutela jarraitu. 1941ean izozkia ekartzea eta saltzea erabaki zuten, baina gutxira izozki propioa egiten ikasi zuten. Urte batzuetara, kafetegia ere jarri zuten, negua pixka bat luzatzeko.
Eta zu noiz hasi zinen dendan lanean?
15 urte bete eta gutxira, 1977an. Oso gazte bukatu nuen eskola eta argi neukan ez nuela ikasketekin jarraitu nahi. Hemen hastea eskaini zidaten, eta barran hasi nintzen lanean. Gerora, pixkanaka izozkia egiten hasi nintzen, eta baita beste lan batzuk ere. Horrelako batean, nagusiak Italiara joan behar izan zuen aita gaixorik zuelako, eta nire gain utzi zuen izozkiak egiteko ardura. Orduan eman nuen pausoa, eta gaur arte.
Erreleboa, berriz, noiz hartu zenuen?
2003an izan zen, jabeak jubilatu zirenean. Ia bi hamarkada bete ditut dendako arduradun gisa.
Aldamar kaletik Parte Zaharraren bilakaera ikusi eta bizi ahal izan duzue. Asko aldatu da?
Gogoan dut Bretxan eta inguruan jende asko mugitzen zela hasi nintzenean. Baserritar asko zegoen, eta kafea hartzera etortzen ziren. Denboran aurrera eginda, gogoan dut Aldamar kalean, hemen ondoan, autobus geltokiak genituela; Igeldokoa, Hernanikoa eta San Pedrokoa, besteak beste. Txoferrak etortzen ziren zerbait hartzera. Kamioi asko ere ibiltzen ziren Aldamar kaletik. Hemen mugimendu asko zegoen. Arrandegia eta Bretxako merkatu zaharra zabalik zeuden, baserritarren postuekin, harategiekin eta abar. Halere, orduko merkatua kendu zuten, eraikina dendaz bete eta saltokiak lur azpira pasa. Zeharo aldatu zen dena, eta urteen joan-etorrian inguru hau asko itzali da. Gainera, Aldamar kalea nahiko triste geratu da saltoki ugari itxi direlako.
Azaroaren 30ean itxiko duzue denda. Zerbait berezia egingo duzue?
Egun normala izango da, itxi eta ez dugu berriz irekiko. Oraindik ez dakigu zerbait berezia egingo dugun. Zalantza hori daukagu emazteak eta biok. Ez dakit, egia esan. Agur festarik ez dugu aurreikusi, baina… zurrumurruak daude. Badirudi zerbait datorrela. Orduan, andreari esan diot tortilla pare bat prestatu beharko ditugula, badaezpada ere.
Albistea iragarri zenutenean, bezeroek zer adierazi zizueten?
Hasieran kolpea izan zen bezeroentzat, baina baita guretzat ere. Bezero gehienek eskerrak eman dizkigute urtetan emandako zerbitzuarengatik. Gutxi batzuek, berriz, ezin dutela onartu adierazi digute. Erabakia iragarri genuenean, albistea hainbat lekutan azaldu zen eta sare sozialetan ere asko zabaldu zen. Eromen hutsa izan zen. Urriaren 28an dei eta mezu asko jaso nituen, eta batzuek galdetu zidaten ea erabakia atzera botatzeko aukerarik bazen. Ez, ordea. Hartutako erabakia irmoa izan zen. Ondoren, oporrak hartu genituen, eta azken egunotan lasaiagoa ari da izaten despedida.
Ixteko arrazoiak argi adierazi dituzu: prezioen igoera. Zenbatean igo da zuen gastua?
Bikoiztu eta hirukoiztu egin da. Pare bat eredu jarriko ditut. Iaz, azukre kilo bakoitzeko 60 zentimo ordaintzen nituen, eta, orain, euro eta 40 pagatzen dut. Bikoitza baino gehiago da hori. Esnea ere antzera. Litroa 1,30 euroan dago orain, eta pasa den urtean merkeagoa zen. Hozteko makinak 24 orduz ditugu piztuta, eta argindarraren igoerarekin, gastua hirukoiztu egin da. Hori dena zure poltsikotik ordaintzen duzu. Nik prezioak hamar edo hogei zentimo igotzen baditut, bezeroak kexuka hasten dira. Aurtengo udan konturatu naiz lan asko egin dugula, eta etekina eskasa izan da. Ez du merezi hemen orduak pasatzeak errentagarritasunik ez izateko.
Gastuak bikoiztu ostean, erakundeei diru laguntzaren bat eskatu diezue?
Begira, bi urte geratzen zaizkit erretiratzeko, eta ez dit merezi laguntzen kontuekin hastea. Halere, nik nahiago dut nirea egin, beste inori ezer eskatu gabe.
Los Italianos ixtean zer egingo duzu?
Baratze pixka bat eta haizea hartu. Mendi buelta batzuk egiteko gogoa dut. Gero, aspertzen banaiz, agian topatuko dut zerbait.