Beñat Gaztelumendik Baionako finalaurrekoan kantatuko du
Larunbatean, hilaren 26an, jokatuko da 2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko bigarren itzuliko finalaurrekoa, eta bertan izango da Beñat Gaztelumendi Arandia Añorgako bertsolaria. Baionako Laugan izango da saioa, 17:00etan, eta Eñaut Martikorena Lizaso, Julio Soto Ezkurdia, Nerea Ibarzabal Salegi, Sustrai Colina Acordarrementeria eta Unai Agirre Goia bertsolariekin lehiatuko da Gaztelumendi. Ainhoa Larretxea Agirre ariko da gai jartzaile lanetan.
Gogoratu behar da finalaurrekoen lehen itzuliko puntuazioa bigarren itzulikoarekin batu behar dela sailkapen orokorra osatzeko. Hau da, bi saioak dira baliagarriak finalerako sailkatzeko; 716,5 puntu lortu zituen Gaztelumendik lehenengo itzuliko finalaurrekoan. Hala ere, bigarren itzulian bertso bat gutxiago kantatuko dute bertsolariek. Zehazki, ariketa hauek egin beharko dituzte: binaka, gaia emanda, hiruna bertso hamarreko txikian; binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko handian; binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian eta ganbarako lana: banaka, lehen puntua emanda, bi bertso zortziko txikian, eta, gaia emanda, hiru bertso nahi den doinuan eta neurrian.
Finalaurreko guztien antzera, Eitb.eus eta Bertsoa.eus atariek zuzenean eskainiko dute saioa, baita, ETB4 kateak ere, Ilaski Serranoren eta Jon Martinen eskutik. Bestalde, saioa Laugan bertan ikusteko sarrerak Bertsosarrerak.eus atarian eskuratu daitezke.